Maila handiko musikariak IV. Akordeoi Jaialdian

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 24a

Akordeoi doinuak gustuko dituztenak zorioneko daude. Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatzen duten akordeoi jaialdiaren laugarren edizioa izango baita larunbatean arratsaldeko 19:30ean hasita. Bertako orkestrarekin batera, Holandako Elsene orkestra, Enrike Zelaia eta Nathalie Boucheix bakarlariak eta Amaia Gonzalez-J.M. Orbegozo dantzari bikotea agertuko dira eszenatokira.

Jone Altuna Kultura zinegotzia, Elias Goikouria Zero Setteko zuzendaria eta Javier Zatarain jaialdiko koordinatzailea izan ziren aurtengo jaialdia aurkeztu zutenak. Altunaren hitzetan, “erabat egonkorturik dagoen jaialdia da, urtetik urtera gora egiten duena eta Kultur Etxean izango diren musikarien maila azpimarratzekoa da”. Kultura zinegotziak aditzera eman zuenez, aurtengo jaialdiak 10.000 euroko aurrekontua izango du.

Tangoa Amaia Gonzalezekin
Elias Goikouriak, Zero Settek estreinekoz bi pieza joko dituela aurreratu zuen; In der pussta eta tango bat. Azken honetan, Europako tango txapeldun Amaia Gonzalez lasarteoriatarrak eta Jose Mari Orbegozok dantzatuko dute.
Amaitze aldera, Zatarainek “harrokeriarik gabe, Europan eta mundu mailan erreferentea den jaialdiaz ari gara. Salzburgo, Canada, Bielorrusia eta mundu osoko orkestrek nahiz bakarlariek hona etortzeko agertu duten interesa ikusi besterik ez dago”.
Ildo beretik, “Estatu osoan ez dago halako beste jaialdirik. Prestigio handia lortu dugu eta, lehen ez bezala, parte hartzaileak aukeratzeko modua ematen digu horrek”.
Sarrera doakoa izango da baina Kultur Etxean sartzen den ikusle kopurua mugatua denez, jaialdian egon nahi duenak bizkor ibili beharko du, gaur bertan jarriko baitituzte eskuragarri Kultur Etxean. •