Perretxikoak eta bere mundua

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 24a

Udazkena, onddo, gibelurdinak edo kuletoak atera dira. Perretxiko zaleak perretxikotara doaz hain preziatu diren onddoak biltzera. Lasarte-Orian zale ugari dago eta, horregatik, hauetako batekin, Xabier Arteagarekin, bildu gara perretxiko zaletasunarekin lotura duten gaiei buruz hitz egiteko.

Xabier Arteagak 15 urte zituenetik dabil perretxikoak bil-tzen. Perretxiko zale gehienen antzera, aitarengandik ikasia du zein lekuetan atera daitekeen, zein perretxiko hartu, etab. Udazkenean aita semea Asteasu eta Lasarte-Oriako inguruetan ibiltzen dira on-ddoak, gibelurdinak, ziza horia edo kuletoak biltzen eta udaberrian, berriz, zizak belardietan eta Aralar inguruan. Aurten ez da asko ibili, hala ere, 20 kilo onddo eta kilo bat kuleto bildu ditu. “Umeak dela eta, denbora gutxiago dut eta perretxikotara hirutan joan naiz,” onartu digu Xabierrek.

Gipuzkoa eta Nafarroa
Xabier gehien bat Gipuzkoan ibiltzen da perretxikotan, baina Nafarroara ere joan ohi da eta bi herrialdeen arteko desberdintasunak azaldu dizkigu.
"Nafarroan basoak garbi daude, onddo gehiago ateratzen da eta hauek aurkitu eta biltzeko ez da lan handia, baina hemen asko kosta bil-tzen dituzu. Basoak zikinak daude, sasi eta orbelez beteak baitaude. Honetaz gain, kopuru handiko zonaldea aurkitzea oso zaila da," esan digu Xabierrek. Honela, hemen 20 kilo biltzen den egunean, Nafarroan 40 kilo bil daitezkeela ere onartu digu.
Perretxiko zaleen modura, Xabierrek ere ez digu onddoak aurkitzeko leku zehatzik esan. "Normala da jendeak ez esatea. Perretxikoak aurki daitezkeen leku asko dago, gehienok gutxi batzuk besterik ez ditugu ezagutzen eta horiek esatea, ehiztari eta ehizaren kontuaren antzekoa da. Leku zehatza ez zaio edonori esaten," aitortu digu.

GPSaren erabilera
Azken urteetan, GPSak hain zuzen ere, eragin handian izan dute perretxikotara joateko orduan. Xabierren ustez, GPSa ongi etorri daiteke Nafarroako aldeko baso handietan ibiltzean, galtzeko arrisku gehiago baitago. Edo zientzialaria bazara eta perretxikoei buruzko ikerketaren bat egiten baduzu.
Baina perretxikoetara joateko GPSa erabiltzea gehiegi iruditzen zaio. “Ni Gipuzkoako itsasalde honetan sarri nabil eta nire antzera dabil-tzanak perretxiko lekuak non dauden badakite, ez daukate GPS beharrik,” aipatu digu Arteagak.

Ulzamako neurria
Honetaz gain, Ultzamako neurriari buruz ere mintzo gara.
Nafarroako herrixka honetan, irailaren 15etik, perretxikoak biltzeko kuota ordaindu behar da. Baimena 5eurotik 30era doa kilo kopurua, baimenaren epea eta bailarakoa zaren edo ez kontuan izanik. Eta, honetaz gain kilo kopurua murriztua izan da, 10 kilo eguneko eta pertsonako.
Xabierren iritsiz, mendia denona da eta denok izan behar dugu hara joateko aukera. Hala ere, batzutan lekua gutxi errespetatzen dela aitortu du. “Lur eremu zehatz batean hainbeste jende ibil-tzea ez da komeni, hau hondatzen baita,” esan digu eta bere ustez hori izan daiteke neurri hori hartzeko arrazoia.
Honetaz gain, perretxiko bolada dagoenean, asteburua eta eguraldi ona suertatzen bada, Nafarroara jendetza izugarria doala aipatu digu, Ultzaman ez ezik, Aralar inguruko baserrietan eta Goizueta ingurukoan ere jendea asko biltzen delarik. “Azkenean bata bestearen atzetik kuota jartzen hasiko dira,” esan digu Xabierrek atsekabez.•