Lasarte-Oriako osasun zentroan gripearen aurkako txerto kanpaina habian jarri zuten astelehen goizean. Arrisku taldeei zuzenduta dago gripearen kontrako txerto kanpaina hau. Mari Luz Jauregui doktoreak, Lasarte-Oriako Anbulategiko zuzendariak, esan digu zergatia: “gripea gaixotasun infekziosoa izanik, edonork harrapa dezake. Normalean ez da larria, baina konplikazio larriak eragin ditzake ondorengo taldeetan, osasuntsu dagoen batean baino: 65 urte gorako pertsonetan, diabetikoetan, gaixotasun kronikoak dutenen artean (biriketakoak, bihotzekoak, gibelekoak, giltzurrunekoak, minbizia, IHESA). Beraz, hauetako arrisku taldean sartzen direnek jarri beharko lukete gripearen aurkako txertoa. Gripea harrapatuz gero, gaixotasunak hauengan duen eragina larriagoa baita, neumonia edo bestelako infekzioren bat eragin dezake eta”.
Gripearen aurkako txertoa jarri ondoren, ohikoa da jarri dutenen artean katarroa hartu dutela entzutea. Mari Luz Jauregui doktorearen ustez, askok katarroa eta gripea nahasten dituzte: “txertoaren erreakzioa oso txikia izaten da: batzuetan lokala izaten da, besoa minduta gelditu daitekeelako; bestetan mukiak eragin ditzake. Kasu honetan parazetamola hartzearekin nahikoa izaten da. Jendeak gogoratu behar du txertoa gripearen aurkakoa dela eta ez katarroan aurkakoa”.
Gero eta gripe
gutxiago
Gripearen aurkako txerto kanpainak martxan daudenetik gripe kasu gutxiago nabaritu dituztela esan digu Jauregui doktoreak. “Aspaldian ez da gripe golpe garrantzitsurik eman. Oso nabamena da txerto kanpainaren eragina. Aurten oso pixkanaka doa eta adituek diotenez, urrian izango da gripearen puntu gorena”.
Gripearen sintomak ondorengoak dira: ondoeza, sukar oso altua, buruko mina... bakoitzari modu batean edo bestean eragiten omen dio. “Gripeari aurre egiteko parazetamola hartu behar da eta ez antibiotikoak, jende askok pentsatzen duen moduan. Eta hiru edo lau egun baino gehiago irauten badu, medikuarengana joan behar da, agian konplikazioren bat azaldu da eta”, dio Jaureguik.
Txertoa jartzeko osasun zentroan ordua hartu behar da, besterik ez. 65 urte gorakoa bazara, osasun-txartel indibiduala edo NANa eraman behar da. Eta aurretik aipatutako beste arrisku-talderen batekoa bazara, ohiko medikuarengana joan behar duzue bolantea hartzera.•