Hilabeteko atsedenaldiaren ostean, Alboka Abesbatzak entseguak hasi ditu berriro ere. Nahiz eta Kristina Perez Abreuk zuzentzen duen taldeak 45 bat abeslari izan, gehienak emakumeak dira eta gizonen falta sumatzen da, batez ere tenoreen kordan. Arrazoi horregatik, abesbatzak gonbita luzatzen die Lasarte-Orian kantatzea gustuko duten gizonei. “Ez da beharrezkoa musika jakitea, abesteko eta ongi pasatzeko gogoa izatearekin nahiko da” esan digu abesbatzako zuzendariak.
Haur gutxi
Baina hau ez da Albokak duen arazo bakarra, Alboka Txiki abesbatzak ere umeak behar baititu. Iaz zortzi haurrek osatu zuten taldea eta arduradunek ezin zuten lana gustura egin. Honela, aurten Montse Latorre Alboka Txikiko zuzendariaren erabakiz, taldeak gutxieneko bat izango du, hamabi haur, hain zuzen ere. Horregatik, Alboka Abesbatzak 7 eta 11 urte bitarteko haur guztiek txikien abesbatzaren ateak zabalik dituztela jakin arazi digu.
Beraz, helduren edo umeren bat animatzen bada, Alboka Abesbatzaren entseguak Zumaburuko Arantzazuko Amaren elizaren azpiko lokalean burutzen dira astelehen eta ostegunetan 20:00tatik 21:30etara eta Alboka Txikik, aldiz, ostegunetan 19:00tatik 20:00tara egiten ditu entseguak.•