Hasi dira xardexka eta plater zaratak Tripontzi jangelan

itziar-carrasco 2007ko ira. 28a, 02:00

Tripontzi jangela 1991. urtean jarri zen martxan. Denbora honetan Lasarte-Oriako haur eta gazte asko pasa da jangela honetatik. Jangelako ateak 12:15etan irekitzen dira eta 14:30ak bitartean 200 haur inguru joaten dira bazkaltzera egunero. Bertan hiru lagun daude 9:30etatik sukaldeko lanak egiten eta jangelan sei begirale. Jangela gertuagotik ezagutu nahian Paki Camino sukaldariarekin hitz egin dugu.

Asteartea, eguerdiko 12:30ak, Tripontzi jangelako ateak ireki eta eskaileretatik behera dator burrunba. Hiru eta sei urte bitarteko 80 haur inguru daude bazkaltzen bertan. Eskailerak igo eta eskuinaldean, sukaldean, eltze eta lapikoen artean, Paki Camino ikusi dugu gaurko menua prestatzen: berdura, oilasko- bularkia eta fruta aukeran. Paki hamasei urte daramatza sukalde honetan Lasarte-Oriako haurrei bazkaria prestatzen, beraz ondo ezagutzen du Tripontzi jangelako funtzionamendua.

Tripontzi jangela duela hamasei urte hasi zen herriko haur eta gazteei eguerdietan bazkaria ematen. Geroztik, jangelako sukaldariek gero eta haur gehiagorentzat prestatu behar dutela kontatu digu Paki Caminok: "hasierako urteetan 130 haur inguru etortzen ziren, azkeneko sei urteetan, berriz, 180 eta 220 haur ingururekin aritu gara lanean". Denborarekin jangela txikia geratu dela dio Pakik: "Jangela txikia geratu da, 100 pertsonentzako egin baitzuten. Iaz mahai gehiago eskatu ziren eta aurten mahai gehiago eskatu dira ere. Urtetik urtera haur gehiago dago jangelan, baina taldeka bazkaltzen dutenez, momentuz moldatzen gara. Hala eta guztiz ere, leku handiago bat beharko genuke".

Menu goxoa eta orekatua
Haur eta gazte asko astean bost aldiz eta urtean aste askotan zehar eskoletako edo haurtzaindegietako jangeletan bazkaltzen dute, horregatik oso garrantzitsuak dira jangeletan eskaintzen zaien menua, haurraren jateko ohituretan eragin zuzena baitu.
Paki sukaldariak Tripontzi jangelako menua nola erabaki eta zehaztu zuten kontatu digu: "Jangela hasi zenean, menu desberdinak prestatu genituen eta hauek dietista batekin aztertu genituen haurren beharretara egokia ziren jakiteko eta horrela menu orekatu bat egitea lortu genuen. Menu hauekin gaur arte jarraitu dugu, aldaketa txikiak egiten. Denetarik jaten dute: dilistak, babarrunak, garbantzuak, pasta, arroza, barazkiak, arraina, haragia, kroketak, entsaladak, pureak...".
Haurren bat gaixotasunarengatik dieta berezia behar baldin badu kontutan hartzen dute: "momentuz ez dugu diabetikorik edo zeliakorik izan, baina gertatuz gero dietista batek menu berezia prestatuko liguke", azaltzen du Pakik, "arrautzari eta arraiari alergikoak direnak baditugu. Hauekin kontu pixka bat eduki behar da, besterik ez. Batzuetan, haurrak oharrekin etortzen dira medikuak erregimen berezi bat jarri dietelako edo, horrelakoetan, jangelako arbelean ohar hauek jartzen ditugu begiraleek kontutan hartu eta ahaztu ez dezaten".

Bertako jakiak
Jangelan prestatzen dute bazkari guztia eta erabiltzen dituzten elikagaiak bertakoak dira: kroketak eurek egiten dituzte, haragia Okelakoa da ia dena; barazkiak, arrautzak eta fruta merkatu txikian erositakoak dira eta yogurrak Kaiku dira; arrai da konjelatua daukaten bakarra. "Uste dut, kalitatezko elikagaiak erabiltzen ditugula eta menua orekatua dela, hau da, haurrek beharretara egokitutakoa", azpimarratzen du Pakik.•