Zenbat saiotan izango zara epaile?
Lehenengo fasean, lau bloke egin dituzte, bloke bakoitzean hiru epaile daude eta hauek hiru saio epaitu behar dituzte. Beraz, nik egin beharrekoak hiru dira, bata igandean Hernanin egin zena, bestea Hondarribian eta azkena Elgetan.
Nola aukeratzen dituzte epaileak?
Gipuzkoa mailan dagoen jendea dago epaile lanetan, noizbait epaile izandakoa edo bertsotan dabilena. Baina ez da derrigorrezkoa, hau da, ez dituzte aukeratzen. Partehartzea eskatzen da. Aurten lehenengo fasean jendea behar zela eta deitu zidaten eta nik baietza eman nuen, baina baldintza batekin, fase horretan soilik epaile izatea.
Beraz epaile lana zaila da?
Esker txarreko lana dela esan daiteke. Baina norbaitek egin beharra dauka. Nik nahiago dut joan, lasai eseri, bertso saioa entzun eta listo. Hau ez da futboleko epailearen lana egitea bezala, honek jokoz kanpo batean hanka sartu dezake. Baina bertsotan ez da horrela niri gustatu ez zaidan bertsoa, ikusle bati gustatu ahal baitzaio. Ez da objektiboa.
Honetaz gain, ez da oso neketsua. Beste entzule bat bezala zaude, baina zentzumen guztiak bertsoen jarraipenean jarriak dauzkazu. Egia esan ez da beste munduko gauzarik egin behar, oinak hartu, poto egiten ari den edo ez jakiteko. Eta hori ere ez askotan, batek hartzen baititu eta besteek begiratu.
Nola puntuatzen da bertso bat? Zer baloratzen duzue?
Hasteko, lehen esan bezala, bertsoa puntuatzea zeharo subjektiboa da. Zuretzako ona dena, niretzako eskasa izan daiteke.
Hala ere, arau batzuk daude eta bete behar dira. Hala nola, errimak eta doinua errespetatzea, komunikatzaile izatea, hizkuntzaren arauak edo bertsoa pentsatzeko hartzen duten denbora. Adibidez, gazteleraz puntuari erantzutea arranque forzado deitzen zaio eta honetan bat-batean hastea edo trabatua geratzea baloratu behar duzu. Azkenean, bertsoa eta bertsolaria bere osotasunean aztertu behar duzu.
Baina saiotik saiora, epailetik epailera, aldea egongo da, ezta?
Bai, noski. Niri gustatzen zaidana beste bati ez zaio gustatuko. Nik askoz gehiago baloratuko dut hizkuntza ondo erabiltzea eta beste batek azkeneko txispa. Bati bertsolari baten kantatzeko era gustatuko zaio eta niri beste batena. Bakoitzak bere gustuak ditu, hala ere, berdintsu ibiltzen gara. Esate baterako, lehengo eguneko saioan, Hernanin, hirurok epai berdintsua geneukan.
Lehenengo fase honetako sailkapena nola egingo da?
Nik egingo ditudan hiru saioetako hiru irabazleak sailkatuko dira zuzenean eta bloke osotik puntu gehien duten biak.
Bost lasarteoriatarrek hartuko dute parte txapelketan. Noraino iritsi daitezke?
Nire ustez, bakoitzak noraino iritsi ahal daitekeen argi dauka.
Hala ere, alde batetik Amaia dago. Euskal Herriko txapelketara sartzeko zorian egon den pertsona batek finalean egon beharko luke. Gero Andoni Otamendi dago. Lehenago ere final aurrekoetan egondakoa eta hor egongo dela uste dut. Unai Muñoak, berriz, egin beharra dauka, oraintxe du aukera. Honela, bi azkenek zorte pixka batekin, final erdietara iritsi daitezke.
Iñaki Petxarromanek eta Zigor Iriondok badakite maila apalagoa dutela, baina hauen kasuan jende aurrera ateratzeak badauka nahiko meritu. Nire ustez bere asmoa ez da final aurrekoetara iristea, lana txukun eta elegante egitea baizik.
Honetaz gain, Amaia, Muñoa eta Andonik saioak egiten dituzte, hauek errodajea badute eta Petxak eta Zigorren kasuan, aldiz, hauek eta herrian sortzen direnak dira egiten dituzten plaza bakarrak.
GR-12ak, herri txapelketek eta bertso eskolek eragina al dute Gipuzkoako bertsolaritza mailan?
Argi baino argiago dago. Bertsolariek GR eta herriko txapelketei esker, errodajea egiten dute. Gipuzkoako txapelketan 79 bertsolari daude. Honen arrazoia, txapelketa eta herriko saioetan inplikatzen direla da, hau da, GR eta besterik dagoenean ongi prestatzen direla.
Ez dakit ziur, baina Gipuzkoako txapelketan GRan parte hartu zuten 40 bat bertsolari egon daitezkeela uste dut.
Bestalde, bertso eskolak daude eta hauen lana laudagarria da. Gainera, nire ustez txapelketan parte hartzen duten guztiak bertso eskola batean ibilirakoak dira, baita helduena ere, Juanito Mitxelena.•