Maialen Chourrautek Joko Olinpikoetarako plaza lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 28a

Mialen Chourraut piraguista Espainiako Selekzioarekin lehiatu da egunotan Brasilgo Munduko Txapelketan. Ur bizietako slalom modalitatean aritu da eta hurrengo urtean Pekinen jokatuko diren Joko Olinpikoetarako plaza eskuratu du lasarteoriatarrak. Etxera itzulita, berarekin izan gara solasean.

Aurreko ostegunetik igandea bitartean Slalomeko Mundu Txapelketa jokatu da Brasilen, Foz do Iguazun, zehazki. Atletico San Sebastian taldeko Mialen Chourrautek ur bizietako Munduko Txapelketan ez du dominarik lortu, baina denboraldi honetan bere buruari jarri zion helburua lortu du. Izan ere, aurreko astean kontatzen genizuen bezala, Munduko Txapelketa ona burutu eta Txinan jokatuko diren Joko Olionpikoetarako plaza lortzea zen bere nahia.
Finalerdietan 14. postuan amaitu zuen eta nazioen sailkapenean 9. Emaitza hauekin Pekinerako jokoan zeuden 15 plazetako bat eskuratu du. Zentzu horretan, “oso kontentu nago. Ez naiz finalerako sailkatu baina gertatutakoa ikusita, munduko txapelketa irabazi banu bezala nago, pozez gainezka” dio.

Arazoak piraguarekin
Berak aipatu moduan, izerdi handia bota behar izan zuen Itaipuko Canalean plaza eskuratzeko. Izan ere, ibilbidaren zailtasunaz eta munduko onenekin batera lehiatzeaz gain, lasarteoriatarrak ezusteko bati egin behar izan zion aurre. Kontatu digunez, “irtetzeko prestatzera nindoanean, antolatzaileek egurrezko ate bat jarri zuten ibaian ur-korrontea geratzeko. Gaizki kalkulatu eta burni batekin piragua zulatu nuen. Bertan itsatsita geratu nintzen eta uretara salto egin behar izan nuen piragua gehiago ez puskatzeko”.
Urduritasun handiko uneak izan ziren Maialenentzat denboraldiko lan guztia pikutara joatekotan zela ikusita. “Selekzioko azken partehartzailea nintzen eta presioa handia zen, plaza eskuratzeko azken aukera bainintzen. Zorionez, antolatzaileek euren errua onartu zuten eta azken partehartailearen ostean irteten utzi zidaten”.
Presaka eta ahal zen moduan, selekzioko teknikari eta gainontzeko kideen artean piragua zintarekin konpontzen ahalegindu ostean uretararatu zen Maialen. Nahiz urduri egon, eragozpenak gainditzea lortu eta ibilbide erdia arte txukun aritu zela kontatu digu, “finalean sartzeko denboran”. Hiru oztopo besterik geratzen ez zirenean, ordea, “ate bat ikutu nuen aitzakiarekin, epaileek zigortu egin ninduten eta finaletik kanpo geratu nintzen. Halere, Pekinerako plaza lortu nuen eta helburua betea zegoen”.

Plaza bakarra
Argitu digunez, plaza lortzeak ez du ziurtatzen Maialen Pekinen egotea, “plaza bakarra dago eta”. Hortaz, aurreko sei urtetan jarraian egin bezala, Maialenek Estatuan areriorik ez duela erakutsi beharko du berriro ere.
Lehiaketak amaituta, “nabegazioa mantentzeko entrenamenduak” egiten jarraituko duela esan digu eta ziurrenik “bi aste barru Pekingo kanalean egingo diren entrenamendu ofizialetan” izango dela. Datorren urtean Joko Olinpikoak hartuko dituen kanala ezagutzeko aukera bakarra izango da eta Maialenek ez du aukera galdu nahi.•