Estilo guztiak aukeran Ttakuntroniken

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 28a

Ttakun Kultur Elkartearen eta Xpressionen ekimenez eta Siglo XX, Jalgi, Obelix eta Udaberri tabernekin elkarlanean antolatutako egitasmoari esker, Lasarte-Oria dantzaleku bilakatuko da bihar.

Maiatzean 26ean inauguratu zen Ttakuntronik zirkuitua eta udaran egindako etenaldiaren ostean, berriro ere lau kontzertu antolatu dituzte Lasarte-Oria dantzaleku erraldoi bihurtzeko asmoarekin.

Kontzertuak
Emanaldiak bihar burutuko dira herriko Siglo XX, Obelix, Jalgi eta Udaberri tabernetan eta musika estilo desberdinak entzuteko aukera egongo da, hala nola, ska, reggae edo hip-hopa.
Honela, gaueko lehenengo kontzertua Obelix tabernan da, 22:00etatik 1:30etara. Bertara gerturatzen direnek Revolutionary Brothers taldearen reggaae sound systema entzuteko aukera izango dute.
Bestalde, beranduago etxeratzen direnentzat ere badago aukera, 23:00etan hasi eta 3:30etan bukatuko baitira beste hiru kontzertuak.
Siglo XX tabernan rock-dance eta electro musika izango da DJ Ttracyren eskutik; Jalgi Kafe Antzokian Afromage taldeak eta El notak hip-hop house jazzybeats eta funka eskainiko dute bere emanaldian eta, azkenik, Udaberri tabernan Javi eta Tonopanek electroa, hip-hopa eta ska estiloa jorratuko dituzte.

Ttakuntronik egitasmoa
Ttakun Kultur Elkartearen eta Xpressionek sustatutako ekimena eta Siglo XX, Jalgi, Obelix eta Udaberri tabernekin elkarlanarekin egi bihurtutakoa.
Ttakuntroniken dantzatzeko musika mota guztiek, Euskal Herriko hainbat DJ eta Sound System eta herriko izaera desberdineko hainbat aretok parte hartzen dute eta doainekoa izanik, jende guztiarentzat irekia da. Gainera, hileko azken larunbatean errepikatuko denez, hilero estilo desberdina entzuteko aukera egongo da.•