Michelingo frontoira jo dugu pilota eskolaren berri jakin asmoz. Han aurkitu dugu gaztetxo talde bat pilota eta tako artean Jose Solano eta Juan Mari Arteagaren aholkuei eta esanei jaramon egiten. Irakasleek kontatu digutenez, bederatzi urtetik hamahirura bitarteko berrogei haur inguru dituzte pilotaren sekretuak ikasteko gogoz.
Juan Mari Arteagak esan digunez, “lehenengo egunetik pilota hartzen dute, ikastolatik oinarri nahiko ona baitakarte”. Juan Marik eta Josek postura zuzentzen eta pilota ongi jotzen irakasten diete lehenik eta behin, baina argi dute haurrek disfrutatzea dela helburu nagusia. “Benjamin eta alebin mailan lasai irakasten diegu, baina infantiletara iristean lan gehiago egin behar dute. Hasiberritan, kirola ezagutzen hastea eta eurentzat jarduera erakargarria izatea bilatzen dugu” dio Juan Marik.
Txapelketak
Beraz, adinaren arabera, hiru mailatan banatzen dituzte haurrak eta horren arabera Buruntzaldeko txapelketak edo txapelketa federatuetan parte hartzen dute. Benjaminek ezin dute Gipuzkoa mailako txapelketarik jokatu, hala ere, Buruntzaldeako ikastolen arteko txapelketan parte hartzen dute, hauek hirukoteka jokatzen direlarik.
Alebinen kasuan, gazteenek hirukotekako txapelketetan lehiatzen dira eta zaharrenak, berriz, federatuetan eta bikoteka jokatzen diren sarietan. Infantilak, azkenik, Gipuzkoa mailako bikoteko txapelketetan lehiatu ohi dira.
Azken bi kasuetan Buruntzaldeako herrialdeetan jokatzen dituzte lehenengo partidak eta zonako irabazle eta bigarrenak Gipuzkoako txapelketan aurrera egiten du beste herrialdetako irabazleen aurka lehiatzeko.
Haurren joko mailari dagokionez, “alebinek maila berdintsua dute eta hiru infantilek gogoz ekin diote denboraldiari. Tamalez, alebin mailako handiekin lehiatu beharko dira” aitortu digu Arteagak. Horrez gain, infantilak “takoak erabiltzen hasten dira eta eskua mintzen dute, ondorioz gora beherak dituzte entrenamenduetara etortzeko garaian” dio Juan Mari Arteagak.
Etorkizunari begira, eskolatik 4tik 6ra haur kadete mailara iristen dira. “Maila honetan izaten da bakarkako partidak jokatzen hasten direnean eta Jose Felix Solanoren ardura izaten dute orduan” aitortu digu Juan Marik.
Honela, pilota eskolaren entrenamenduak astearte eta ostegunetan dira 18:30tik 20:30ra eta norbait animatuko balitz izen emate urrira arte irekia dagoela jakin arazi nahi dute.•