Oporren ostean, kirolariek erresistentzia galtzen dute eta hori eskuratzeko nahian lehenengo asteetan lan fisiko asko egiten da. Hau da LOKE atletismo taldeko kideen helburua behintzat.
Irailaren 3an hasi zituzten entrenamenduak eta esan bezala, erresistentzia lantzeko lan generikoa du taldeak, baina hilabete baten buruan, bakoitzak entrenamendu gogorra jarraitu beharko du txapelketa eta probetan maila ona emateko. Hala ere, Oscar Goikoetxea entrenadorearen esanetan, “gogorrena ez da entrenamendu izaten, euria edo hotza izaten dira.”
Goikoetxeak aipatu digunez, iazko atleta zenbaki bera mantentzen da, hauetako bi eskolar mailatik federaturako aldaketa egin dutelarik.
Markak eta txapelketak
Urteroko txapelketetan eta probatan egongo direla esan digu Oscarrek, “neguko denboraldian, pista itxian eta pista irekian, bietan paper ona egiteko lan egingo dugu”.
Entrenatzaileak oso argi dauka Euskadi eta Espainiako txapelketarako markak lortzea zaila dela. Baina iaz LOKEko 3 atletek lortu zuten Espainiako Txapelketan eta aurten ere atletaren bat txapelketa hauetan lehia dadin espero du Oskarrek. “Oso zaila da, baina helburua urtero Lasarte-Oriako atleta bat behintzat Espainiako txapelketara joatea da, “ onartu digu.
Eta esandakoaren arabera, Leticia Tiati izan daiteke atleta hauetako bat, “aurten Avilesen 4. postua lortu zuen eta hurrengo txapelketan 3. izan daitekeela uste dut.” Hala ere, Julen Etxabek eta Maria Monterok ere aukera handiak dituzte.
Nahiz eta txapelketak garrantzitsuak izan, Oskarrentzat taldeak atletismoa egiten jarraitzea eta kirol honekin ongi pasatzea du garrantzia handien.
Atletismo eskolarra
Landaberri ikastolako haurrak bihar entrenatzen hasiko direla aurreratu digu Goikotxeak. Helburuak haurrek ongi pasatzea, kirola gustatzea eta aurrerantzean, LOKEko taldera norbait animatzea.•