Zero Sette Akordeoi Orkestrak antolatu eta Udaleko Kultura Sailak diruz laguntzen duen Akordeoi Jaialdiaren edizio berri bat izan zen larunbatean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Nazioarte mailan prestigio handia lortu duen jaialdian maila handiko akordeoi-joleak bildu dira aurten eta auditorioa bete zuten zaleak gustura atera ziren ikusi eta entzundako lau estilo desberdinekin.
Besteren artean, Ana Urchuegia, Jone Altuna, Iñaki Mujika, Fernando Eskoriaza, Jesus Zaballos, Estitxu Alkorta eta Isabel Prieto Udal ordezkariekin batera, Italiako Zero Sette akordeoi fabrikako ordezkariak eta Leongo musika elkarteko burua ikusi genituen.
Lehenik, bakarlariak
Enrike Zelaiak eman zion hasiera Maider Segurola telebistako esataria aurkezle izan zuen jaialdiari. 1980ean jardun zen azkenekoz gure herrian eta duela urte batzuk erretiroa hartu bazuen ere, ez zuen hutsik egin nahi izan eta agerian utzi zuen bere hatzen trebezia. Esku batekin nahiz biekin, pasioz beteriko emanaldi bikaina eskaini zuen Altsasuko akordeoi-joleak eta entzuleen inplikazioa ere bilatu zuen bere abestien erritmoa txaloekin jarraitzera animatu zituenean. Bereziki hunkigarria izan zen Zelaiaren azken pieza. Azaldu zuenez, bere hiru pasioak (musika, akordeoia eta Euskal Herria) uztartzen dituen eta amaitzea hamasei urte kosta zaion konposizioa izan zen. Entzuleen barrena ukitzea lortu zuela esan daiteke, bertan ziren ikusleek sekulako txalo zaparradarekin agurtu baitzuten.
Segidan, Nathalie Boucheix frantziarra taularatu zen. Munduko txapeldun izandakoa eta nazioarte mailan oso ezaguna denak, bi musikarien laguntza izan zuen baterian eta teklatuan. Jaialdian parte hartzeko gonbidapena eskertu eta Javier Zatarain jaialdiko koordinatzailearentzat hitzak izan ondoren, frantziarrak sentimenduz beteriko ikuskizuna eskaini zuen. Zelaiaren antzera, honek ere ikusleen inplikazioa bilatu zuen baina hauek nahikoa lan izan zuten musikariaren erritmo bizia jarraitzen. Txalo zaparrada handi batekin agurtua izan zen.
Orkestren txanda
Eta bakarlarien lanaren ostean, orkestren txanda iritsi zen, Zero Sette lehenik eta Holandako Elsene jarraian. Elias Goikouriak zuzendutako orkestrak bi estreinaldi eskaini zituen. Bata tangoa izan zen eta Amaia Gonzalez eta Jose Mari Orbegozo Europako Tango Txapeldunek agerian utzi zuten akordeoi orkestra eta dantzariak uztartu daitezkeela ikuskizun ederra eskainiaz.
Holandarren zuzendaritzapean bi orkestrek interpretatutako bi piezek eman zioten amaiera musika emanaldiari. Segidan, Ana Urchuegiak eta Jone Altunak oroigarriak eta lore sorta bana banatu zizkieten parte hartzaile guztiei. Jose Antonio Rey Zero Setteko lehendakariak esker oneko hitzak izan zituen musikari, ikusle eta udal ordezkarientzat euren babesagatik. Bezperan ama zendu zitzaion Javier Zatarainentzat txaloak eskatu zituen. Nabarmen hunkituta, ikusleen berotasuna jaso zuen Javierrek.
Irteeran, ikusle guztiak bat zetozen jaialdiaren maila azpimarratzerakoan.
Eta lanak amaituta, guztiek elkarrekin Dano-Ona jatetxean afaldu zuten. Bertan, Elsene eta Leongo ordezkariek oroigarriak eman zizkieten Zero Setteko eta Udaleko ordezkariei.•