SBeste urte betez, gaur hasi eta ostirala bitartean, gai desberdinetako adituak izango dira entzungai Manuel Lekuona Kultur Etxean. Jada erabat egonkorturik dauden eta herritar ugari erakartzen dituzten jardunaldien XV. edizioa izango da aurtengoa eta bost egunetan beste horrenbeste hitzaldi antolatu ditu Udaleko Sanitatea, Kontsumoa, Merkataritza eta Ingurumena Batzordeak. Hitzaldi guztiak Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan izango dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera eta Ricardo Ortega Batzordeko burua izango dute moderatzaile.
Arestian aipatu moduan, gaur bertan hasiko dira osasun aurtengo jardunaldiak. Inaugurazio ekitaldia Ana Urchuegia alkatearen eskutik etorriko da eta jarraian lehendabiziko hitzaldiari emango diote bidea.
Bost hitzaldi
Lehen egun honetarako, jada ohitura bilakatu den "Minbizi ginekologikoa eta bularrekoa garaiz detektatzea" hitzaldia iragarri dute. Bertan, Lourdes Aritziturri Donostiako Institutu Onkologikoko doktorearekin batera Charo Beobide bularreko minbiziak eta ginekologikoak kaltetutako emakumeen KATXALIN elkarteko presidentea ariko da.
Bihar, asteartea, “Gaixotasun mentalak gaur: eskizofrenia...” izenburupean, Rafael Benito Quiron ospitale-taldeko psikiatraren txanda izango da.
Asteazkenean, aldiz, Javier Azparren Gipuzkoako Poliklinikako urologoak “Prostata eta inkontinentzia urinarioa emakumeetan” gaiaren inguruko argibideak emango ditu.
Ostegunean “Azalaren zainketa” aztergai hartuta, Osasun Zentroko zuzendaria Maria Luz Jauregi eta Rosa Gainza erizaina ariko dira.
Aurtengo jardunaldietako azken hitzaldia Garikoitz Lasa eta Rafael Sadaba Gipuzkoako Poliklinikako kardiologoen eskutik iritsiko da. Hitzaldiaren izenburua, “Bihotzaren eta organoen donazioa eta transplantea” izango da.