Ilarak bidai agentziatan

Txintxarri 2007ko urriaren 1a

Joan den ostegunean, 2007-08 IMSERSOk adinduentzako antolatzen dituen bidaien eskaera hasi zen eta Barcelo, Halcon, Ushuaia eta Eroski bidai agentzietan ateak ireki baino lehen ilarak ikusi ahal izan genituen.
Ostegun, ostiral eta larunbatean, Lasarte-Oriako pentsionistek 2008ko ekainera bitartean izan ditzaketen oporraldiak aukeratzeko astia izan dute, eta ikusitakoagatik, bizkor ibili dira lekurik gustukoenak aukeratzeko.
Bidaiak, 5 eta 29 egun bitarteko iraupenekoak dira eta turismo era desberdinez gozatzeko aukera ematen dute: natura bidaiak, Estatuko historia eta artea ezagutzeko kultura bidaiak edo kostako bidaiak eta hainbat leku bisita daitezke, Lanzarote, Benidorm, Burgos, Granada edo Mallorca, besteak beste.
65 urte beteta izatea edo 60ekin aurre jubilatua egotea, pentsionista izatea eta aurrez bidaiaren eskaera egina izatea dira IMSERSOko bidaietan parte hartzeko baldintzak.•