Nolatan zoazte Txekiara?
Iaz bertatik hots egin ziguten eta beraiei galdetu genien nola, nondik ezagutzen gintuzten. Haien erantzunak harritu gintuen: Kroaziako telebista batean ikusi omen gintuzten eta gustatu gainera. Honela iaz bi kontzertu eman genituen bertan, bata gaztelu batean, jendea belardi batean eserita eta garai bateko kantautoreen errezital bat zirudien. Gure ondoren oso ezaguna zen kantari baten zain zeuden noski.
Bigarrena Sazava fest rock jaialdian izan zen. Izugarri handia zen; kanpa handi batean zortziren bat eszenatoki han eta hemen. Gazte jende andana kontzertuei begira edo txosnatan afaltzen. Gu izutu ginen hasieran. Aurreko taldea rock gogorreko estiloan ari zen jo eta fuego. Han atera ginen lotsarik gabe eta indartsu. Salto eta brinko egiten zuten. Behar bada ez zuten horrelako talde "heavy"-rik ikusi izango sekula. Bukaeran beste bat eskatu ziguten behintzat eta gu gustura. Aurten ere deitu digute eta hamar egunetan hamar kontzertu eman beharko ditugu. Oso animatuak daude antolatzaileak eta bi telebistetan parte hartu behar dugunez Txekian jende guziak ezagutuko gaituela diote. Hemengoek baino interes gehiago izango dute hango telebistek beharbada. Ikusiko dugu.
Nolako harrera dute trikitixak eta panderoak atzerrian?
Trikitixa eta panderoa ez dira hain instrumentu arraroak, ia mundu guzian erabiltzen dira. Baina jotzeko modu desberdina da eta horrek sortzen die jakin mina. Panderoa ez dute horrela inoiz jotzen ikusi, ezta trikitixa hain modu bizian ere. Aurten Vancouverren izan gara folk festibalean. Eta berrogeita hamar bat mila pertsona biltzen du jaialdi horrek. Nola edo hala jendea zutik jartzea lortzen baduzu mundial. Eta gu ere horretan saiatu ginen. Baita lortu ere.
Bikote izatetik laukote izatera. Zergatik?
1998az geroztik gabiltza laurok. Hasieran bikote ginen. 1986ko txapelketan biak batera aurkeztu ginen eta geroztik biok elkarrekin ibili gara gaur arte. Normala zen trikitilariak binaka ibiltzea baina guk taldea handitu beharra sentitu genuen. Maite genuen rockaren hotsa eta trikitixarekin rock egin nahi izan genuen. Tapia eta Leturia Band sortu genuen eta izugarrizko estimazioa eta babesa jaso genuen toki guzietan. Gaur egun, oraindik askok galdetzen digute ea bueltatuko ote garen rock talde hartara. 1998an Leturia eta biok disko bat grabatu genuen lehengo pieza zaharrekin. Ordurako desegina zen gure rock taldea. Eta honekin berriro ekin genion erromeriari. Geroago, atzerrian ikusi nuen erromeri taldeek nola erabiltzen zituzten sokazko tresnak eta maitatu nuen soinu hura. Pentsatu nuen horrelako talde bat sortzea Leturiarekin batera. Honela, 1998an, Arkaitz Miner mandolina eta bibolina jolea batu zen eta, geroago, Jexux Aranburu piano jolea.
20 urte daramazue, nola lortu duzue hainbeste irautea?
Harreman ona dugu eta erromerietan jotzea da gure zaletasuna. Asko gozatzen dugu. Jendea ere inoiz baino gehiago ikusten dugu dantzan gezurra badirudi ere, eta horrek odol berritzen gaitu. Dantza egitea dibertitzeko modu ederra da oraindik. Beharbada ez dago modan baina gozamena sortzen du. Elkarrekin eskutik helduta dantza egitea ez da hain erraza, aurreneko pausoa izaten da zailena, handik aurrera gozamena da. Trikiti talde asko desagertu ere egin da baina nik uste komertzioaren bidean sartu zirenak direla gehienbat. Jende asko biltzeko promozio eta marketing handia behar da eta oso zaila da Espainiako eta Ameriketako musikarekin lehiatzea. Indar eta diru asko behar da horretarako.
Taldeak proiekturik ba al dauka Txekiako biraren ondoren?
Orain udazkena dator eta geldialditxo bat etorriko zaigu. Herriko festak bukatu ondoren denbora hartzen dugu kantuak eta piezak sortzeko. Datorren urterako nahi genuke disko bat argitaratu. Tapia eta Leturiaren azken diskoa duela bost urte atera zen eta jendeak eskatzen digu disko berria. Garrantzitsua da eskaera eta eskaintza bide berean badoaz. Inoiz baino musika gehiago dago bazter guzietan eta dena irenstea ezinezkoa da. Ez dago denentzat tokirik eta tartetxo bat egiten nahiko lan izaten dugu.•