Lerro hauek idazten hasi nintzenean, nire udarako zenbait bizipen kontatzeko ideia nuen buruan jira biraka. Ordea, irratiko hizlariak Lasarte-Oria aipatu eta Michelingo basakeria aipatu zuenean erruz aldatu nuen garuneko ideia. Honela, lehendabizi animuak eta besarkada bat Michelingo langileei. 400 langile kaleratzeko ideia gozotu nahi izan dute Michelingo arduradunek, langile horiek aurre-jubilatuak izango direla aitzakiatzat harturik, baina 400 lanpostu galtzen ditu herriak eta herriko 400 gaztek etorkizun batean bertan lan egiteko aukera galduko dute, eta hori zuzeneko lanpostuei begira soilik geratzen bagara. Herriak kalean erakutsi beharko du haserrea, ez gaudela prest beraien monopolio partikularreko pieza bat izateko, ezin dutela langileekin eta herri batekin horrela jokatu eta garesti atera behar zaie gurekin horrela jokatu nahi badute.
Bestalde, erakunde publikoek badute ere beraien lana, urteetan Michelinek erakunde publikoetatik diru ugari jaso du, gure dirua alegia, lurrak erregalatu zaizkio, etab luze bat. Laguntza guzti horiekin joango al da herritik?. Lurrekin espekulazio itzela egiten utziko al zaie enpresari frantziarrei?. Udalak eta gainerako erakundeek eragotziko al die joko hori egiten? Doan aterako litzaieke jokaldia Michelingo enpresariei erakunde publikoengatik balitz. Argi dago erakunde publikoetatik ematen den politikarekin horrelakoak behin eta berriro gertatuko direla eta hau gure herriarentzat hasiera besterik ez dela izango, Euskal Herri sozialista eta burujabea lortu beharra dugu, langileen eta euskaldunon eskubideak zapalduak izan ez daitezen.