Hirurehun inguru pertsona Eskualdeko manifestaldian elkartu ziren Hernanin irailaren 27an “Gudariekin bat goazen askatasunera lemapean”. Gudari plazatik abiatu zen manifestaldian irakurri zuten testuaren arabera, “Euskal Herriaren aldeko borrokan hildako guztiak omendu eta borrokarekin jarraitzeko, bide bakarra baita”.
Zentzu berean, “duela 30 urte bezala, Euskal Herria herri zapaldua da. Bere izatea ukatu eta asmakizun bat omen da” salatzearekin batera, “Euskal Herriarentzako egitasmo independentista antolatzea galerazita dago. Espainiako nahiz Frantziako konstituzioek zapalkuntzara eta zatiketara kondenatzen dute Euskal Herria” azpimarratu zuten.
Autodeterminazioa eta lurraldetasuna
Ildo beretik, “esparru desberdinetan egindako lanak eta borrokak ekarri gaitu honaino, Euskal Herriari askatasunerako beste aukera bat sortzeraino” esan eta “orain 30 urte Euskal Herriari ezarri zioten tranpa gainditu eta autodeterminazio eskubidea zein lurraldetasuna, herri honetan ekidiezinak diren gakoak dira jada” erantsi zuten.
Amaitze aldera, “bi estatuek marko demokratiko berria adosteko borondateari” ezetz esan izana salatu eta Euskal Herriaren bizi-iraupenerako aukera bakarra “euskal estatua” dela azpimarratu zuten. Azkenik, “euskal estatua egingarri izateko” ezker abertzalearen proposamen politikoa defendatu zuten.
Bestetik, joan den igandean berrehun inguru pertsona elkartu ziren Hernani eta Ereñozu artean den Akolako askaldegian “zendutako gudariei omenaldi ekitaldia egitera”. Hiru egun lehenago manifestaldian irakurritako testu bera irakurri ostean, ikurrin dantza eta agurra egin zieten omenduei. Eusko Gudariak abestuaz eta hamaiketako batekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari. Ezker Abertzaleak, Guardia Zibilaren presentzia salatu du azken ekitaldi honetan.
Herri batzarra
Bestalde, Lasarte-Oriako ezker abertzaleak herri batzarra ospatu zuen asteartean. Bertan, ikasturte politikoari hasiera eman asmoz, eguneko gai zerrendan hiru gai izan zituzten hizpide; bake prozesuaren ondorengo egoeraren azterketa eta etorkizunerako lan ildo politikoak, urteko plangintza eta udal politika.
Amaitzeko, Mikel Kastresana erahil zuteneko urteurrena irailaren 23an bete zela ere gogorazi nahi izan du ezker abertzaleak.•