Michelin lantegian 400 lanpostu galduko dira

Txintxarri 2007ko urriaren 5a

Michelin lantegiko langile zerrenda murriztuta geratuko da, 400 langile, jubilazio eta aurre jubilazioen bitartez, lantegia utzi beharko dutelako 2011.urterako, jaso dugun informazioaren arabera. Erabakiaren arrazoia berregituraketa omen da.

Enpresa frantsesak 2008. urte bukaeran automobiletarako gurpilak egiteari utziko dio, lan hau Europako beste ekoizpen lekuetan jarraituko dute egiten, motoentzako gama altuko gurpilak egiteko. Berregituraketak 50 miloi euro kostako zaizkio enpresari. Hau dela eta, Michelingo 1200 langileetatik herenak lana utzi beharko du.
Europa Press agentziak igorri duen informazioaren arabera, lantegiko zuzendaritzak enpresa komiteri - CC.OO, ELA, LAB, UGT, ESK eta CSI sindikatuek osatua - jakinarazi dio berregituraketa plana martxan dagoela eta kontsultetarako epea zabalduta dagoela langileen lan uztea nolakoa izan behar duen negoziatzeko.
Berregituraketa dela eta, jubilatu edo aurrez jubilatuko diren langileak, aurretik joan direnen baldintza berdinetan jubilatzea espero dute langileen ordezkariek, “horrela jubilatuak kontentu joango dira”. Hala eta guztiz ere, egoera honek “ziurgabetasuna” sortarazten duela diote sindikatuetatik.

Erreferenduma
Bestalde, Michelingo langileek erreferenduma egin dute, atzo eta gaur, enpresak eskaintzen duen hitzarmen kolektiboaren gainean iritzia emateko. Gazteizeko Michelin lantegian langileek hitzarmena onartu dute.•