Asteazken arratsalde honetan, tren geltoki ondotik pasa ziren lasarteoriatarrek harridura aurpegia jartzen zuten zarata handia entzuten baitzuten. Hotsak Landaberri DBHko eraikinetik zetozen eta Djembe eta perkusio afrikarra ikastaroko taldea zela esan behar dugu.
Asteazkenero 18:00etatik 20:00etara hamar bat lagun Landaberri DBHn biltzekoak dira djembe eta perkusio afrikarreko beste instrumentu anitz jotzen ikasteko, hala nola, dun-duna edo dun baxua. Irakaslea Mamadou Faye senegalesa da. Duela hiru urtetik hona Ascagnen, Frantzian, bizi da eta han perkusio afrikarreko klaseak ematen ditu, baita Biarritzen ere. Honetaz gain, djembeak egiten ditu eta perkusio afrikarrean aditua da.
Talde finkoa eratu nahi
Ikastaroaren asmoa Lasarte-Orian perkusio afrikarra ikasteko talde finkoa sortzea izango litzateke. Beraz, norbait animatuko balitz, asteazken batean Landaberri DBHra gerturatzea besterik ez dauka eta djembea baldin badauka hobeki.•