Donostiako Zinemaldia bizitzeko beste modu bat

Txintxarri 2007ko urriaren 5a

Donostiako Zinemaldia larunbatean iritsi zen bere amaierara. Pantaila handiko izarrak, glamourra, ehundaka kazetari, filma mordoa eta ikusle ugari. Eta guztien tartean, Iñigo Artola autografoen bila.

Berarekin solasean izan gara eta kontatu digunez, hogei eta azpi sinadura bildu ditu aurten. Dagoeneko bostehun baino gehiago baditu bere koadernoan. Esanguratsuenak aipatzearren, Maribel Verdu, Alisa Milano, Malena Alterio, Tristan Ulloa, Arturo Valls, eta beste asko. Artolak berak azaldu digunez, "lanean oporrak hartzen ditut Zinemaldi garaian, ahalik eta sinadura gehien eskuratzeko". Halakoetan leku ona hartzea garrantzitsua dela dio eta horregatik, "goizean goiz joaten naiz, leku ona hartzeko. Arratsaldean jende asko pilatzen da eta zailagoa izaten da aktoreen arreta lortzea". Ordu asko pasatzen ditu Maria Cristina hotelaren aurrean eta langileek ere ezagutzen dute dagoeneko.
Aipatu bezala, pertsonai askorenak lortu ditu baina arantza bat badu Iñigok, "Richard Gere aktorearen autografoa nahi nuen baina jendetza harrigarria pilatu zen eta ezinezkoa egin zitzaidan" dio. Aurtengoa joan da baina datorren urtean ere lehen ilaran izango da Iñigo. Bitartean, ekitaldi bat den lekuan, han izango da bere koadernoa eta boligrafoarekin.•