Elhuyar Fundazioak antolatuta VI. Zernola Zientziaren Eta Teknologiaren Inguruko Olinpiada hasiko da urriaren 8an. Zernola Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. ikasgelei zuzendua dago eta ikasleek zientzia era atseginean jorratzea eta teknologia berrietan trebatzea ditu helburu. Horrez gain, gazteen parte hartzea eta ikaskideek elkarri laguntzea sustatu nahi da.
Olinpiadetako parte hartzaileek hilero proba bat gainditu beharko dute eta www.zernola.net atarian sortuko duten blogean zintzilikatuko dituzte emaitzak. Hil bakoitzaren lehenengo edo bigarren asteko astelehenean, urritik apirilera, proba bat jarriko da web guneko Zn olinpiada atalean. Ordutik aurrera, 3 aste inguruko epea izango dute ikasleek erantzuna prestatzeko. Eta astebetera puntuazioak ikusi ahalko dituzte.
Era honetan, Elhuyarrek Interneteko erabiltzaile aurreratuenen pare jarri nahi ditu gure gazteak eta erraztasunez bere probak eta lanak ezagutzera emango dituzte, baita beste taldeekin harremanean jarri ere. Irailaren 27tik hasi zen izen ematea eta epea zabalik jarraituko du lehenengo proba iragarri arte, hau da, hurrengo astelehenera arte.
Hileroko proba onenak saria izango du eta amaieran puntu gehien jaso duten bi ikasgelek bi eguneko txangoa irabaziko dute, bata Zuatzako uhartera eta beste Plentziara. Hirugarren postukoek ere saria izango dute eta egun-pasako txangoa egingo dute Sobrongo abentura parkera. Olinpiadez gain, atariak berrikuntza ugari ditu. Hala nola, Lapikoa izeneko sailean zientziaren eta teknologiaren inguruko bitxikeriak, esperimentuak, artikuluak etab. argitaratuko dira eta astero-astero, zientziaren eta teknologiaren inguruko berri bat.
Betiko sailak ere hor dira, Zuen txokoan beste edizioetako lanak ikus gai daude, teknologia proiektuak, argazkiak edo bideoak besteak beste. Jokoa sailean, burua astintzeko jokoak daude eta Gaiak atalean, zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten lanak egiteko behar haina informazio.•