“Apaiz izatetik ez naiz jubilatzen, ezta kristau izatetik ere”

itziar-carrasco 2007ko urriaren 5a

Juan Mari Artola 29 urtez San Pedro elizan apaiz bezala aritu ondoren, jubilazioa iritsi zaio. Hau dela eta, hilak 14ean omenaldia egingo diote: 12:30ean meza nagusia eta ondoren bazkaria Goiegi jatetxean. San Pedroko parrokoa Grosen jai zen: "1931.ean errepublika garaian jaio eta San Ignacion bataiatua naiz". Juan Marirekin hitz egin dugu bere bizitzaren inguruan berri izateko.

Nola aurkitzen duzu bokazioa?
Txikitatik nire bizitza Alde Zaharreko San Vicente elizari oso lotuta egon da. Gaztetan soldadutzatik bueltan eliza inguruan gazte mugimendu asko zegoen, Juventud Obrera Cristiana bezalako taldeak eta ni giro hartan nenbilen. Giro hartan apaiz asko atera ginen. Pastoraltza horretan kristautasuna ikusten genuen bide bezala. Beraz, 25 urte nituela bizimodu hau jarraitzeko erabakia hartu nuen. Fedetik ulertuta, dei bat neukan, Jangoikoaren deia. Deia ez da apaiz izatea, baizik eta kristaua izatea. Fedearen oinarrian kristau izatea eta kristau bezala bizitzea dago. Bakoitzak bere deia, gogo edo argitasun hori dauka, baina benetako deia apaiza izateko gotzainak egiten dizu.

Non egin zenituen ikasketak?
Bide hau jarraitzea erabaki nuenean ez nintzan gaztetxo, beraz ikasketa intentsiboak egin behar izan nituen. Nirekin batera beste 2 gipuzkoar eta 4 arabar Gasteizeko seminarioan hiru urte egin genituen filosofia, latina, griegoa eta humanitateak ikasten. Han bukatu eta teologia ikasteko Donostiara etorri ginen. Hogeita hamahiru urterekin apaiztu nintzen.

Nola oroitzen duzu momentu hori?
Oso momentu garrantzitsua izan da nire bizitzan. Urte hartan 20 apaiz baino gehiago atera ziren eta asko kontsultatu gabe edozein herritara bidaltzen zizuten meza ematera.
Erabakia hartu zenuenean zein izan zen ingurukoen jarrera?
Oso ona. Ni beti nenbilen San Vicenteko eliz mugimenduetan beraz ez zen bat bateko erabakia izan. Acción catolica zela eta, giro ona zegoen. Jolasa ere bazegoen, mendizaleak ginen. Garai hartan automobilik ez zegoen baina trenean mugitzen ginen eta Txindokira, Erniora... Atotxara joaten ginen Erreala ikustera ere.

Lasarte-Oriara etorri aurretik non ibili zinan?
Gazte askok apaiztu ginen urte hartan, ni Oiartzunera bidali ninduten eta 14 urte igaro nituen han. Oiartzun oso handia zen, bertako gurasoek eskola eskatzen zuten, beraz akademia modura hasi ginen eskolak ematen. Beranduago ikastola sortu zen, beste batzuen artean Oiartzungo ikastolako sortzaileetariko bat izan nintzen. Hamalau urte egon nintzen Oiartzunen hezkuntzan eta parrokian.

Ondoren Lasarte-Oriara etorri zinen. Nola gogoratzen duzu duela 29 urteko herri hau?
Lasarte-Oria auzo bat zen eta momentu hartan arazo asko zeuden: langabezia, langileen borrokak, grebak... Beste leku askotan bezala gizarte zerbitzu askorik gabe. Biztanlerian izugarrizko aldaketa egon da: familiak zabalagoak, handiagoak ziren, haur asko jaiotzen zen, ezkontzak, bataioak oso ugariak ziren. Gogoratzen dut hasierako urteetan, San Pedro elizan bakarrik, 250 jaunartze eta 500 haur inguru batailatzen zirela urtean. Kontutan izan behar da garai hartan kanpotik jende asko etorri zela, ezkondu berri asko zegoela, Sasoeta eta Zumaburu egin berriak zirela... herria asko hazi zen. Egun, 100 bataio inguru egiten dira soilik.
Gizarteak ere, aldaketa jasan du. Lehen mugimendu asko sortzen ziren: aisialdi taldeak, guraso elkarteak, auzoetako elkarteak, sindikatuak... baina egun beste ongizate bat dago eta jendea indibidualistagoa da.

Nola oroitzen duzu lehenengo meza?
Ikasketak bukatu eta San Vicenten eman nuen lehengo meza, 1964an. -Golkotik urrezko gurutze bat ateratzen du- Amak oparitu zidan lehenengo mezaren oroigarri bezala. "Juan Mariri bere lehengo meza egunean, 1964-8-9". Handik hilabete batera apezpikuaren gutuna jaso nuen, Oiartzunera lanera joan behar nuela esaten zuen.

Ratzinger Aita Santuak meza latinez eta bizkarrez ematera bueltatu behar dela esan du. Zer deritzozu?
Uste dut irakurketa azkarregiak egiten direla. Bizkarra ematea ez doa fedearen kontra, sinbolikoa da. Lehen, elizak aldarea ekialdera begira zutela eraikitzen ziren eguzkia aurrez jasotzeko. Eguberria eguzki berri da, beraz benetako eguzki berria Kristo da. Hizkuntzari dagokionez, argi dago, tokian tokiko hizkuntza gailenduko dela. Mezua jendeak ulertu behar du eta barruraino iritsi behar zaio baldintza onenetan. Aita Santuak ez du derrigortuko hori egitera ezta animatu ere ez, ziur nago.

Urriaren 14ean omenaldi-bazkaria egingo dizute. Urduri?
Nerbioso ez nago. Gotzaina etorriko da meza nagusira, baina jubilatzen dena agurtzea baino, berriari ongi etorria emateko, indarra emateko dator. Eliza honetako apaiza izendatzea dator. Meza ondoren, bazkaria prestatu dute Goiegin. Benetan, estimatzen da.

Jubilatu ondoren zertan pasa behar duzu denbora?
Apaiz izatetik ez naiz jubilatzen, ezta kristau izatetik ere ez. Donostian bizitzeko asmoa daukat, baina San Pedroko elizan laguntzen jarraituko dut. Zorionez osasunez ondo nago eta hil honetan 76 urte beteko ditut. Beraz, patxada gehiagorekin arituko naiz.•