Bihar hasiko da Ostadar K.F.ren XXV. areto-futbol txapelketa

Txintxarri 2007ko urriaren 5a

Ostadar K.Fk asteburu honetan XXV. Areto futboleko txapelketari hasiera emango dio. Hogeita bederatzi taldeek Txapelketan hartuko dute parte. Txapelketa larunbatean hasi eta maiatza bitartean luzatuko da.

Lasarte-Oriako areto-futbol txapelketak aurten 25.urtemuga ospatzen du eta bihar, larunbata, aurtengo denboraldia hasiko da. Aurtengo denboraldian 29 taldek arituko dira lehian. Izena eman duten taldeak bi multzotan banatuta daude: bata 14 taldez osatua, bestea 15 talderekin. Multzoak zozketaren bidez osatu dira. Buenetxea eta Ventanas Isu multzoetako buruak izan dira, aurreko edizioko finalistak izan baitziren.
A multzoan ondorengoak jokatuko dute: Bar Buenetxea, Bar Andatza, Izkiña Taberna, Izurde Taberna, Los Lunis, Fontaneria Biyona, Cristaleria Oria, Bar Jalai, Bar Epel, El Punto, Bar Danena, Morrison, Siglo XX Smothel eta Cerveceria Abend.
B multzoan, berriz: Ventanas Isu, Ilargi Taberna, Peio Publicidad, Pub Tragoxka, Bar Mostatxo, Bar Ainhoa, Pub Katanga, Jordi Sonido, Izarra Bitxitegia, Aluminios Alcar, Bar Obelix, Frutas Ruiz, Manchester Kotxeras, Bar Oria txiki eta Pub Donegal.

Txapelketako funtzionamendua
Txapelketako funtzionamendua aurreko urtetakoa izango da, beraz, horretan ez da aldaketarik egon. Multzo bakoitzeko lehenengo 8ak sailkatuko dira azken fasea jokatzeko eta gainontzeko taldeek Kontsolazio txapelketa jokatuko dute.
Azken faserako sailkatzen diren 16 talde horiek 4 multzotan banatuko dira eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira euren artean final laurdenak eta final erdiak jokatu ahal izateko. Eta sailkatu ez direnak, hau da, gainontzeko 8 taldeek Ligila fasean sartuko dira.
Kontsolazio Txapelketari dagokionez, bi multzo egingo dira eta buelta bakarra duen Txapelketa jokatuko dute. Multzo bakoitzeko lehenengo lauak euren artean jokatuko dituzte flinal laurdenak eta final erdiak.
Dagoeneko, finalerako data ipini dute antolatzaileek, 2008ko maiatzaren 17an. Urtero bezala finaleko partiduak udal kiroldegiko pistan jokatuko dira.

Denboraldi luzea
Uda pasa eta herriko areto-futboleko taldeek Aretoko Txapelketa noiz hasiko den zain izaten dira. Denboraldi hasieran denek jokatu nahi dute, baina asteburuak igarotzen diren heinean, jokalariei bestelako konpromezuak edo nahiak sortzen zaizkie: eskiatzeko denboraldia hasten dela, ezkontzak direla, hauekin batera despedidak, sagardotegi garaia... Txus Alonso antolatzaileak gogorarazi du, "denboraldia guztioi luze egiten zaigula badakit, baina irailean konpromezua hartu genuen eta denboraldia bukatu arte errespetatu behar dira partidu egunak eta orduak. Gainera, jardunaldiak aurrera joan ahala lesioak agertzen dira eta hauek kontutan hartu behar dira ere. Partiduetara gutxienez 4 jokalari aurkeztu behar dira, bestela aurkeztu gabea bezala kontatzen da eta hau zigor larri bat da. Bi zigor larriekin Txapelketatik at geratzen da taldea. Partida batera ez agertzea gainontzeko taldeekiko errespetu falta da, horregatik zigortzen da". Honen harira, "taldeen arteko errespetua, epaileenganakoa eta antolakuntzarekikoa ezinbestekoak dira txapelketaren funtzionamendu egokirako" esan eta txapelketa aurrera eramateko jende premian dabiltzala azpimarratu nahi izan du Txus Alonsok.•