Zer hartzen dute kontutan epaileek?

Mailu Arruti 2007ko urriaren 5a

Zer saritzen da bertso txapelketetan? Zer zigortzen? Nola eta zenbat? Guzti horri erantzun asmoz bi saio antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak

Bost bertsolari: bat emakumea, bestea euskaldun berria, epai mahaikide bat. Firmatuko zituzkeen emaitza hauek bertso eskolak bere hastapenetan. Nire ustez Lasarte-Oria bezalako herri batentzat harro egoteko moduko parte hartzea da.
Eta zer esan bertsozaleei buruz? Gutako batzuk badakizue kezkatuak gaudela aspaldi Lasarte-Oriako bertsozale gehienak urtetan sartuak gaudela pentsatzen dugulako. Baina horretaz aparte, txapelketako gure herritarren jarraipena egiten hasi gara eta aspaldiko beste kezka bat berriz berritu zaigu. Hau da: Bertsoak nola neurtzen ditu epaimahaiak? Zer da, saritzen dena? Zer da zigortzen dena? Eta zenbat.
Hau galdetu dugun guztietan erantzuna beti antzekoa izan da: "Bertsoa gauza subjektiboa da." "Ezin da dena kontatu eta zenbaki baten menpe jarri." " Gustatu ala ez gustatu hori da neurria." Eta antzekoak. Baina, ez gara erabat asetuta geratzen.
Museo batera joan eta margolanei buruz esaten digutena da azken finean. Eta egia da, bertsoak teknika bat du eta artistak teknika hori menperatu behar du. Baina zenbait artelani gertatzen zaio teknikoki zuzena izan arren, ez dela oso preziatua. Baita alderantziz ere, teknikoki ez oso "ortodoxoa" den zerbaitek artistikoki balore handia hartzea. Ba al da horrelakorik bertsotan?
Ze, sarritan gertatu zaigu txapelketetan guk uste baino aurrerago zihoana atzerago geratzea eta alderantziz.
Beraz, epai mahaiak azken finean zenbakien menpe jartzen du artea eta guk ere bai baina zeintzuk dira irizpideak?
Bertsolariak badaki nola kantatu bere burua asetzeko, entzuleak irabazteko, eta epaimahaiak puntu asko eman diezazkion.
Bere buruarekin irizpide batzuk dauzka. Gurekiko beste batzuk. Eta epai mahaiak nola baloratzen duen badaki eta puntuak metatzeko kantatzen du. Beraz, epai mahaia eta bertsolaria, klabe berdinean ari dira txapelketan, baina entzulea ere bai? Galbahe berdinarekin al goaz bertso afarira, bertso saio arruntera eta txapelketako saiora?
Zer iruditzen zaizue (Gipuzkoako txapelketa aitzaki hartuta) guk baino gehixeago dakitenekin neurketa nola egin, saiotxo batzuk prestatzen baditugu?
Apal-apal hasiko ginateke, batzuk nahiko lan izaten dugu potoak detektatzen. Hortik aurrera...
Ez dira klase "majistralak" izango. Araudi bat badago. Horren berri jasoko genuke (nahiko axaletik besterik ez bada ere) elkarrizketa moduan, eta ondoren ariketa praktiko batzuen bidez, saiatuko gara zenbait bertsori puntuazioak ematen.
Horretarako, printzipioz bi saio prestatu ditugu: Kultur Etxean urriaren 19 eta 26an, ostegunak biak arratsaldeko 19:00etan.
Anima zaitezte, eta ea horrela epaia emateko garaian argudio sendoagoekin jokatzen ikasten dugun!•