Esperientziaren eskola, ikasturte berriari ekiteko prest

Txintxarri 2007ko urriaren 8a

Danok Kidek eta Ingemak elkarlanean Esperientziaren Eskola martxan jarri zuten duela bost urte. Ikasturte berriari urriaren 16an, ekingo diote. Eskola 50 urte gorakoei zuzenduta dago eta oraindik hiru plaza libre daude.

Beste urte batez, Lasarte-Oriako Eperientziaren Eskolak ikasturte berriari ateak ireki dizkio. Danok Kideren bitartez, Mugabek duela bost urte jarri zuen martxan Eskola. “Eskolan hasteko ez da ikasketa agiririk behar. Eskola, aktibo sentitzen direnentzat, formatu nahi duenarentzat, esperientziak elkar trukatu nahi duenarentzat zuzenduta dago. Eskolan kultura eta hezkuntza maila hobetzen dute, ondorioz, gizartean modu baikor batean eragiten dute”, dio Danok Kideko ordezkariak.
Aitzinean esan bezala, duela bost urte jaio zen ekimena eta geroztik lau promozio pasa dira bertatik, guztira 75 pertsona. Esperientziaren Eskolatik igaro diren ikasle batzuen hitzak jaso nahi izan ditugu ondorengo lerroetan.
“Errespetu handia ematen zidan ikasten hasteak, nirekin ez doala uste nuelako; jendeak horri beldur dio, baina hona ez gatoz estudiatzera, baizik eta ematen dizkiguten ikasgai interesgarriak xurgatzera”. “Eskola faltan botatzen nuen; bizitzako momentu latz batean erabaki nuen denbora niretzako zela eta ikastaro desberdinak egin ondoren Esperientziaren Eskolara iritsi nintzen. Dudarik gabe, denboraldi honetako esperientzia onena izan da”. “Esperientziaren Eskola oso aberasgarria da, izan ere, kezka eta jakin nahi berdintsua duen jendearekin elkar bizikidetzeko aukera eskaintzen dizu. Gainera, eskolek modu desberdin batean pentsatzen laguntzen dizute” .
Danok Kideko ordezkariek Esperientziaren Eskolara joatea oso aberasgarria dela azpimarratu dute: “Esperientziaren Eskolara etortzen direnek ekimen desberdinen bitartez -eskolak, hitzaldiak, txangoak, tailerrak etab- ezagutza zabalago bat jasotzen dute. Horrela, egungo gizartea hobeto ulertzen laguntzen die eta era berean garapen pertsonala, fisikoki, psikikoki eta sozialki lantzen laguntzen die”.
Eskolan lantzen dituzten gaiak oso desberdinak, interesgarriak eta gaurkotasuna duten gaiak dira; osasunaren mantenua eta hobekuntza, harreman sozialak, komunikaziorako trebetasuna eta zuzenbidea, filosofia, psikologia, bioetika etab.
Oraindik Esperientziaren Eskolan hasteko aukera dago, izan ere, hiru plaza geratzen baitira libre. Beraz, Eskolan hasi nahi duenak izena lehen bai lehen Danok Kiden egoitzan, Blas de Lezo 11-13an, edo 943.224143 edo 943.371616 telefono zenbakietan eman behar du. Eskolak astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara izango dira.•