Erreportajea irakurtzen hasi zaratenen artean, askok, zuen buruari galdetuko zenioten, Beltzak Errugbi Taldeak jokatzen jarraitzen al du? Ez. Juan Luis Egizabalek, Juliusek, esan digun bezala “jubilatuta gaude”. Erreportaje honen abiapuntua Juliusek erredakziora ekarritako Eskozian egindako argazkiak izan dira. Argazkiak komentatzen hasi ginen... eta horrela, gai batetik bestera pasa ginen eta erreportajea egitea erabaki genuen.
Beltzak taldea aurreko hilean Eskozian egon da Mundialeko partidak ikusten: Eskozia-Errumania eta Eskozia-Zelanda Berria. Bidai hau duela bi urte hasi ziren prestatzen: “Beltzak Taldean ibiltzen ginenok, urtean zehar askotan biltzen gara eta halako batean, norbaiti bururatu zitzaion errugbiko mundialera joatea. Horrela, hilero diru bat jartzen joan gara bidaia eta sarrerak erosteko. Duela urte bete hegazkineko txartelak erosita genituen”. Beltzak pixka bat ezagututa, Juliusi galdetu diogu ea bidaiako dirua duela urte bete bildu bazuten, ea azken urte honetan zehar garagardoetarako dirua biltzen jarraitu duten: “ez, ez, bizioak aparte”, esan digu barrez.
Honen harira, errugbia eta garagardoaren harremaz hitz egin dugu: “Egia da oso lotuta daudela, baina gu errugbian jokatzen hasi aurretik garagardoa gustuko genuen. Errugbian 3. denbora egiteko ohitura dago, hau da, partidak bukatu ondoren aurkariekin biltzen gara afaltzeko edo zerbait edateko eta garagardoa ez da falta. Agian, horregatik izango da.”
Errugbiaren inguruan beti oso giro ona sortzen da eta mundialetako partiduetan ere ez da giroa falta izan Juliusek kontatu digunez: “Eskozia- Errumania partidan ez zegoen jende askorik, agian astean zehar zelako, baina Eskozia - Zelanda Berria partidan estadioa lepo zegoen, 65.000 pertsona bildu ginen. Gu baserritarrez jantzita joan ginen eta uste genuen horrela jantzita asko nabarmenduko ginela, baina ez zen horrela izan, jende pilo bat mozorrotuta eta margotuta joan baitzen partida ikustera. Argazki pilo bat atera gintuzten. Errugbiko partida guztietan izugarrizko giroa egoten da, ez du mundial bat izan beharrik, bestela ere oso giro polita sortzen da errugbiaren inguruan, inoiz ez dago istilurik”.
Esperientziarekin kontent, errepikatzeko asmoa dutela kontatu digu: “Gure asmoa, bi urtetik behin antzeko zerbait egitea da. Hurrengoan, Sei Nazioetako partidaren bat ikustera joan nahi dugu. Baina, afari batzuk egin behar ditugu aurretik nora joan erabakitzeko”.
Herrian errugbirik ez
Beltzak taldea duela hogei eta bi urte jaio zen eta hamar urtez jokatzen aritu zen, baina Lasarte-Oriako baldintzak “oso txarrak” zirenez, azkenean taldea desegitea erabaki zuten. “Asteburutan hipodromo barruan entrenatzen genuen eta gainontzeko egunetan Dana Ona jatetxearen parean eta institutuko patioan. Gero, kiroldegian hasi ginen, baina hau ez da egokiena errugbian jokatzeko. Horrela, urte batzuk egin genituen, baina baldintza hauekin jende berria taldean hastea zaila zen. Horregatik taldea desagertu zen. Herriko gazteak herritik at jokatzen ari dira, Donostian, Hernanin... Uste dut herrian zelai bat balego, talde bat sortuko litzakeela” amaitu du.•