Gipuzkoako Ehiza Txikiko Txapelketa Zambrana ondoan dagoen Santa Cruz del Fierro herriko El Castillo ehiza esparruan burutu zen urriaren 7an. Bertan Buruntz-Azpi elkarteko bi ehiztari egon ziren lehian, bata Antonio Carrasco beteranoen mailan, bestea Laura Martin emakumezkoen mailan.
Honela, Antoniok bere mailako 3. postua eskuratu zuen 4 pieza, 2 faisai eta 2 eper hartuta, Koska zakurraren laguntzarekin. Eta lehen eta bigarren postutik gertu geratu zen gainera, hauek 5 pieza bana hartu baitzituzten.
Hala ere, postua honekin Euskadiko Txapelketarako sailkapena ere lortu du, hau azaroaren 19an Zambranan izango da.
Antoniok onartu digunez “gogo asko ditut Euskadiko txapelketan parte hartzeko.” 75 urte ditu eta gainontzeko lehiakideak gazteagoak dira, baina berak dioen bezala “zakur zaharrekin ehiza ona egiten da”.
Honetaz gain, zakurra eta ehiztariaren arteko harremana oso garrantzitsua dela aipatu digu. Antonio oso ona omen da zakurrei ehizatzen erakusten.
Lauraren laugarren postua
Laura Martinek, berriz, ez zuen gutxigatik iazko hirugarren postua eskuratu, emakumezkoen mailako bigarren eta hirugarrenak bere antzera faisaia ehizatu baitzuten. Maila honetan sei lehiakide egon ziren eta Glass 2 urteko setter ingeles emea izan zen Lauraren laguntzailea.
Laurak urduritasunari eta gehiegizko konfiantzari egotzi dizkio hirugarren postua eskuratzea, baita egun horretan punteria gutxi izateari. Hala ere, esperientzia dibertigarria izan zela ere esan digu.•