Euskararekin, guztiok irabazle

itziar-carrasco 2007ko urriaren 15a

Aurreko asteazkenean herriko hainbat merkatari eta enpresa txikitako arduradunak Manuel Lekuona Kultur Etxean bildu ziren Lasarte-Oriako Udaleko Euskarako Batzordeak Enpresako Euskara Plan Integrala (EEPI) eta Udaleko Euskara Ziurtagiriak sinatzeko. Euskara Batzordeak Euskara Merkataritzara programa martxan jarri zuenetik, jada hamabi urte, 44 Plan Integral burutu eta 19 ziurtagiri banatu dira Lasarte-Oriako merkatari eta enpresa txikien artean.

Lasarte-Oriak herritik kanpo daukan irudia, herri erdaldunarena da. Baina, duela 40 urteko errealitatea eta egungoa ez dira berdinak, zorionez. Izan ere, herria pixkanaka euskalduntzen ari da, gero eta euskaldun gehiago dago eta euskararen presentzia kalean, dendetan, tabernetan, jolas lekuetan... handiagoa da. Eta horren errudunak herriko ikastetxeak, euskaltegiak, hainbat elkarte eta erakundeak dira, urte hauetan guztietan euskara suspertzeko egin duten eta egiten ari diren lanarengatik.

Euskara indartzeko eta euskararen erabileraren normalizazioaren alde Udala ere lanean aritu da, "euskarak garai batean galdutako eremua errekuperatzeko. Euskara Merkataritzara programaren bidez gure herriko komertzio eta taberna guztietara heltzeko esfortzua egin du Udalak, badakilako oso sektore garrantzitsua dela merkataritza, gure eguneroko bizitzaren parte baita", diote Euskara Zerbitzutik.
Merkataritzatik enpresen eremura salto egin du Udalak Plan Integralarekin. Ekimen honetan enpresa txikiek parte hartzen dute. Ricardo Ortega batzordeburuaren esanetan, "plana sinatu dutenek, zein lehendik sinatuta izanik ziurtagiria jasoko dutenek, urrats handia eman dute establezimenduko politika linguistikoa aldatzeko eta gaurko errealitatera egokitzeko. Euskararekin denok gara irabazle; bezeroak, zerbitzu hobea jasotzen duelako baina merkataria ere, zerbitzu hobea eskainiz kalitatea hobetzen delako".

Ildo nagusiak
Euskararen aldeko programa honek bi ildo nagusi jorratzen ditu eta biak herriko enpresa txikiei euren politika linguistikoa eguneratzen laguntzeko xedearekin. Lehena, zerbitzu minimoen eskaintza: batetik, irudia eta errotulazioarekin lotutako diru laguntzak: errotuloa bera jartzeko, enpresako inprimakiak, zigilua, bisita txartelak, ageriko materiala...; bestetik, itzulpengintza eta aholkularitza zerbitzuak; azkenik, euskara ikasteko bekak. Bigarrena, EEPIak, hau da, aurrerapauso sendoagoak emateko aukerak eskaintzen dituzten enpresei zuzendutako plan integralak.

Bezeroen eskubidea
Ezezaguna bada ere, 82ko Euskararen Legeak eta 2003ko Kontsumitzaileen Legeak, bezeroek ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa EAEko lurralde eremuko establezimendu nahiz enpresetan bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabiltzeko eskubidea dutela jasotzen dute eta hala eskatzeko eskubidea dago.•