Apirilaren 4an asteazkenetako azokan izan nuen erorketaren ondorioz jasandako minengatik egin nuen kexa aintzat ez hartzea erabaki duzuela jakinarazi zenidaten idatzi baten bidez joan den abuztuaren 3an.
Zuen idatzian adierazten didazuenaren arabera, Carmano Aseguru Artekaritzak igorritako idatzi batean oinarritzen duzue hartutako erabakia, txorkoa oinezkoentzako zona ez dela arrazonatuz.
Hiztegira jo behar izan dut ditxosozko hitzaren esanahia jakiteko eta hona aurkitu dudan definizioa: "ureztatzean, ura geratzeko landareen oinean egiten den zuloa".
Ez ditut halako hitz teknikoak ulertzen baina gaizki jarritako burdin batekin estropezu egin ostean oinezkoentzako kale batean erori nintzela badakit.
Aseguru Artekaritzara ez naiz zuzenduko ez dakidalako nortzuk diren. Azoka dagoen asteazken bat (Aste Santuan, gainera) zer den ederki dakien nire herriko Udalari zuzentzen natzaio; eroslez jositako postuak, zama-lanetarako furgonetak, emakumeak euren erosketarako orgekin, haur-aulkiak, etab. etab. Eta estropezu egin nuen lekua ez dela oinezkoentzako zona diozue zuek!
Niretzako horren larria ez balitz, barre egiteko kontua litzateke. Autonomoa naiz, garbiketan egiten dut lan eta nire lan-konpromezuei aurre egin ahal izateko hirugarren batengana jo behar izan nuen. Hori, eskutan duzuen eta jasan nituen kalte fisikoak zehatz-mehatz zehazten dituen txostena alde batera utzita. Udaltzaingoaren informe bat dago, zaindu ninduten medikuen lesio-partea, nahi adina testigu, berehala laguntzera etorri baitzitzaizkidan eta nire esker ona eman nahi diet.
Eta nire herriko Udalak oinezkoentzako ez den leku bat zapaldu nuela esateko besterik ez du balio guzti horrek. Merkatua jartzen duten pasealekutik nindoan erosketak egitera, besterik ez jaun-andreak.
Zuek aipatzen didazuen administrazioarekiko auzi-helegitea aurrera eramateko zer egin behar dudan ez dakit, baina momentuz, idatzi honek berraztertzeko errekurtsotzat balio dezan nahi dut. Eta, batez ere, hausnartu eta arestian aipatutako zuen idatzian aipatzen didazuen alkatetza-dekretua aldatzeko balio izatea.
Zuen berri izango dudalakoan, agur t´erdi,
Kontxu Galarza
ERREDAKZIOAN ITZULIA