“Kantatzen ongi pasatzea da Kantak gogoratuz liburuaren helburu nagusia”

Nerea Eizagirre 2007ko urriaren 15a

Lasarte-Oriako kulturaren alde lan egin duen gizona dugu Daniel Adrian, 1987an Alboka Abesbatza mistoa eratu baitzuen. Bere bizian musikaren garrantzia handia izan da eta beretzat kantak oroitzapenak dira. Horregatik azken bost urtetan mota desberdinetako 1300 abesti bildu eta lehengo astean Kantak gogoratuz liburua aurkeztu zuen.

Liburua egiteko ideia noiz sortu eta zergatik?
Duela bost urte inguru bururatu zitzaidan. Ohituraz ospakizun, afari eta bazkari ostean kantatzen nuen, elkarte batean, familian, lagun artean eta denok gustura abesten genuen. Horregatik bilduma egiteko ideia etorri zitzaidan.
Hala ere, kantu-liburua ez da gauza berria, asko daude argitaratuak. Baina Kantak gogoratuz bezalakorik ez dago, pop musika ere bildu baitut, The Beatles edo Los Brincos-en abestiak, besteak beste.

Liburuaren helburu nagusia zein izango litzateke?
Kantatzen ongi pasatzea da, noski. Gaur egun postrea hartu eta musean jokatzen da. Duela hogeita bost urte, berriz, abestea zen normalena. Ohitura hori galdu da, eta kantatzeak giro polita sortzen du otordu baten ostean. Gainera, jokotzat jo daiteke, norbaitek melodia abesten duen heinean, besteek bigarren ahotsa edo hirugarrena egiten saiatu baitaitezke.

1300 kanten hitzak biltzea lan handia eta neketsua izango zen, ezta?
Bai, lan handia izan da. Baina zorionez Internet, binilo diskoak, harrizko diskoak, zinta magnetofonikoak, mp3ak, 45 birako diskoak daude, baita lagunak ere. Kanta batez gogoratu eta denak prest agertu dira diskoa edo zinta aurkitzeko.
Oso interesgarria izan da kanta hauek guztiek biltzea. Hala ere, kanten hitzak baino zailagoa autoreen izenak aurkitzea izan da.
Nire ustez autoreei eskerrak eman behar zaizkie bere abestiek ongi pasatzen laguntzen baitigute. Horregatik, omenaldi gisa abesti guztiei egilearen izena jartzen saiatu naiz, nahiz eta batzuetan posible ez izan.

Zein motatako abestiak bildu dituzu?
Kanta gehienak ezagunak dira, nire adineko jendeak behintzat ongi ezagutzen dituenak. Lehen irratia zegoen bakarrik. Bizpahiru minutu itxaron behar genituen berotu arte eta iragarkien musika entzuten zen orduan, Okal, Cola cao, etab.
Baina bilduma pertsonala ere bada, nire aitak gerra garaian langileen batailoian abesten zituen kantak ere bildu baititut.
Honetaz gain, kanta erlijiosoak ere badaude. Asko eta asko oso abesti politak dira, oso atseginak eta nire ustez ez lirateke elizetan bakarrik abestu behar. Batzuetan gainera lagunekin zaudenean horietako abestiren bat datorkizu burura.

Aurkezpenean kantak oroitzapenak direla esan zenuen, zergatik?
Kanta bakoitzak oroitzapen bat dakar, abestean pertsona bat, egoera bat etortzen baitzaizu burura. Nire iritziz kanten boterea hori da, oroitzapenak erakartzekoa, eta hau oso handia da gainera.

Abestiek hurrenkera anarkikoa dute, zergatik?
Ospakizun batean, lagunekin kantuan zaudela, abestiaren autorea datorkizu burura, honen abesti bat edo garaiko abesti bat. Beti datorkizu zerbait burura. Adibidez Gure katua Pitxitxi abesten zaudela, Mixel Labeguerie egilea datorkizu burura edo bere abestiak, baita bere garaikoan diren Lourdes Iriondo edo Benito Lertxundiren kantak ere.
Horregatik anarkikoki ezarri ditut, automatikoki abesti bat kantatu eta bestea etortzen baitzait burura. Hala ere, abestiak aurkitzea ez da zaila, liburuaren bukaeran aurkibidea baitago.

Argitaratzen duzun lehenengo liburua izanik, nola bizi zenuen aurkezpena? Une atsegina izan al zen?
Jende pila etorri zen, nahiz eta hedabideek aurkezpenaren berri ez eman. Oso pozik egon nintzen. Denok kantatzen bukatu genuen eta gauza polita izan zen. Lagun eta ezagun pila bildu ziren. Horregatik, Udaletxeari eta jende guztiari eskerrak eman nahi diet.
Hala ere, aurrerantzean ez dut aurkezpen gehiago egingo. Liburu bakarra argitaratuko dut, lan handia izan da kantak bildu, akatsak zuzendu eta, gainera, nahiz eta behin eta berriro errepasatu, beti egiten dizu ihes hutsen batek.

Udaletxeari noiz aurkeztu zenion liburua?
Orain dela hiru hilabete aurkeztu nien liburua eta liburua argitaratzeari baiezkoa eman zidaten.
Nire ustez herriari buruzko eta herrikoen lanak argitara eman nahi ditu Udaletxeak. Garrantzitsua da kultura sustatzeko duen nahia eta horregatik aurkeztu nien nire liburua.

Jendeak nolako harrera egin dio Kantak gogoratuz liburuari?
Ongi hartu dute eta esan didatenez, batzuk dagoenekoz erabili dute. Beste batzuk, aldiz, abestiak ikusi eta liburuan ez dauden kantak edo beste abesti bati lotuak daudenak gogora ekarri dituztela esan didate.

Hainbeste abesti dituenez, ez al da zaila izango liburua erabiltzea?
Ez dut uste. Liburua ireki eta agertzen dena abestu behar da. Abestia ez badakizu aurrera egin, baten bat ezagutuko duzu eta. Bakoitzak edo taldeak nahi duena egin behar da, helburua ongi pasatzea da ez mokoka ibiltzea.

Erabili al duzu dagoeneko?
Bai eta primerako esperientzia izan dela esan behar dut.•