Herri txiroetako haurrek bizi duten egoera salatzeko, Haurralde fundazioak sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Lasarte-Orian. Asteartean, “El vuelo de la Chichigua” erakusketa inauguratu zuen, bertan Ana Urchuegia alkatesa eta Martin Moreno Zerbitzu Publikoetako batzorde burua egon ziren. Erakusketak, Eduardo Arrillaga argazkilariak Dominikar Errepublikan 6 urteetan ume txiroen artean ateratako argazkiak biltzen ditu eta hilaren amaiera arte egongo da ikusgai Manuel Lekuona kultur etxean.
Erakusketaren inaugurazioarekin batera Isla de las Flores dokumentala eskaini zuten. 12 minutuko filma honetan Brasilgo Isla de las Flores herrialdean bizi duten egoera erakusten dute, non jende txiroak txerriek uzten duten janaria biltzen duten. Filmearen ostean, eztabaida izan zen eta erakusketako egile Eduardo Arrillagak bere lanari buruz hitz egin zuen.
Egitasmo desberdinak
Haurralde Fundazioa Euskal Herriko Gobernuz Kanpoko Erakundea da, irabazi asmorik gabekoa. Gune desberdinetako profesionalez, bolondresez eta bere denbora librean Haurralderekin batera lan egiten duten aholkulariez osatua dago. Euskal Herriko zein kanpoko haur, gazte eta sendien ongizatearen alde lan egitea du helburu. Horretarako, giza garapenerako guneak sortu eta indartu nahi ditu garapen bidean dauden herrialdeetako komunitate kaltetuenetan, haur eta emakumeen artean bereziki. Maila indibidual eta kolektiboetan boterea berreskuratzeko prozesua bultzatu nahi du eta bizi baldintza duin eta iraunkorrak sortu. Horretarako, hainbat proiektu ditu Afrika, Asia eta Hegoamerikan.•