Guatemala eta Bolivian laguntzen diharduen Gobernuz Kanpoko Erakundea da DOA (Denok Osasunaren Alde). Urteak dira mediku eta erizain talde bat laguntza ematera joaten dela euren oporrak aprobetxatuz.
Larunbat honetan kontzertua antolatu dute Donostiako Alde Zaharreko San Vicente elizan dirua lortzeko. Arratsaldeko 20:15ean hasiko den kontzertuan Erketz Dantza Taldearen Lagunak eta Zero Sette Akordeoi Orkestra izango dira, besteak beste.
Kontzertura joan ezin baina laguntza eman nahi duenak, KUTXAko 2101 0001 11 0011217916 kontu korronte zenbakian izango du aukera.
Zero Setteren kontzertuak
Zero Sette Akordeoi Orkestrak indarberritua eta kontzertu agenda luzearekin hasi du ikasturtea. Irailean bukaeran IV.Akordeoi Jaialdia egin zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean eta bertan Holandako Elsene orkestra, Enrike Zelaia eta Nathalie Boucheix bakarlariak ikusi ahal izan ziren. Aurreko asteburuan Ondarroako Kafe Antzokian jo zuten eta hurrengo asteburutan ez dira geldirik egongo, instrumentuak eta maletak hartu eta Frantzia eta Caceresen joko baitute.
Urriaren 27an eta 28an Freyming-Merlebachera, Frantziara, bidaia egingo dute orkestrakoek eta bertan bi kontzertu eskainiko dituzte. Eta Santu Guztien zubia Caceresen igaroko dute eta hiru kontzertu eskainiko dituzte: azaroaren lehenean, Cacereseko Auditorioan joko dute; azaroaren 2an Plasentziko Alcazar Antzokian entzun ahal izango dituzte eta azaroaren 3an Coriako Katedralean.•