Michelingo zuzendaritzak iragarritako berregituratze neurrien aurrean, Lasarte-Oriako Batasunak bere jarrera azaldu nahi du.
Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi dizuegu Michekingo langile zareten orori.
Salatu nahi dugu enpresak azaldutako jarrera, aitzakietan oinarrituta burutuko dituen kaleraketak, honek ekarriko dituen ondorioekin: famili asko eta askoren mantenuaren galera, belaunaldi berriek lanik gabe geratzea, eskualde honetan 700 lanpostu baino gehiago ekarriko duen eragina.
Tamalez egoera hau ez berria Euskal Herrian, multinazionalek bere interesen arabera jokatzen dute gure lanpostuekin, eskulan merkea dagoen lekuetara lanpostu hauek eramanez. Multinazional hauek instituzioetatik jasotzen dituzten dirulaguntza eta eraikitzeko erraztasunak, urteak pasa ala, herrian geratzearen berma ez dute ekartzen, kasu honetan ikusi den bezala.
Alde batetik, Michelingo zuzendaritzara zuzentzen gara berregituratze plana bertan behera uzteko. Eta beste alde batetik, Lasarte-Oriako udaletxera eskatu nahi diogu jarrera duina azaltzea arazo larri honen aurrean. Adibidez, Enpresa Zuzendaritzarekin elkarrizketatzea eta lanpostuak bertan behera ez uztea eskatzea, neurri honek Lasarteoritarroi eragingo digun kaltea kontutan izanda. Bestetik, Udalak Michelingo langile Komiteak egiten dituen eskaerak bere egitea eskatzen dugu.
Bukatzeko, Lasarte-Oriako herritar guztiei dei egiten diegu, Enpresa Komiteak antolatuko dituen mobilizazio guztietan parte hartzera. Bereziki, larunbat honetan arratsaldeko 18:00etan burutuko den manifestaziora.
Lasarte-Oriako Batasuna