“Emakumeon eskubideak gero eta zapalduagoak ikusten ditugu”

itziar-carrasco 2007ko urriaren 19a

Mundu bat eta Komite Internazionalistak MªEugenia Delgadillo, Colectiva de Mujeres de Masayako kidea, gonbidatu dute. Lan handia egiten ari dira emakume nikaraguarren eskubideak defendatzeko eta partehartze espazioak lortzeko. MªEugenia elkarrizketatu dugu Nikaraguako emakumeek bizi duten egoera gertuagotik ezagutu ahal izateko.

Zein da emakume nikaraguarren egungo egoera?
Alderdi politiko desberdinak pasa dira gobernutik eta gure eskubideak gero eta zapalduagoak sentitzen eta ikusten ditugu. Azken gobernuarekin emakumeak lortutako espazioak galdu egin ditugu. Momentu honetan, abortu terapeutikoa legalizatu dadain lanean ari gara, emakume asko hiltzen baita honegatik. Gai honek asko arduratzen gaitu eta honen aurrean Nikaraguako emakumeak beligerantzi handiarekin borrokatzen ari gara: kalera atera gara, kartelak egin, martxak, ekitaldi publikoak, prentsaurrekoak, foroak, eztabaida mahaiak antolatu...

Zein da gobernuaren jarrera abortu terapeutikoarekiko?
FSLNk abortu terapeutikoaren abolizioa bermatu zuen duela urte bete. Kontutan hartu behar da udal hauteskundeak hurrengo urtean direla eta alderdien interesak eta interes pertsonalak aurrejartzen dituztela. Abortu terapeutikoaren inguruan desinformatzen saiatzen dira argudio erlijiosoak erabiliaz, gure kulturan erlijioak duen pisua ezagututa. Eliza inguruko taldeak ere batu eta antolatu egin dira herritarrak desinformatzeko helburuarekin.

Honen aurrean, emakumeek zer egin dezakezue?
Erlijioak herritarrengan duen eragina erabiltzen ari dira. Hala eta guztiz ere, ez dugu esperantza galtzen eta borrokatzen jarraitzen dugu: gehiago sentsibilizatu behar dugu jendea, maizago atera behar gara kalera, protesta eta denuntzia gehiago egin behar ditugu, gorte gorenaren aurrean hel egin, laguntza internazionala lortzeko idatziak egin... modu batera edo bestera eztabaida, debatea sortu eta informatu nahi dugu. Beste taldeekin aliantzak egin ditugu abortu terapeutikoaren alde agertu daitezen argudio zientifikoak azalduz.

Gobernu berriarekin atzera pausoak ematen dira, beraz.
Erreboluzio garaian , 80. hamarkadan, emakumeen parte hartze eskubideetan "irekitasuna" egon zen. Bazirudien emakumeen parte hartzea kontutan hartuko zela, emakumeak antolatu egin ginen eta garai hartan sortutako talde askok egun indar asko dute. Baina, geroztik gobernutik pasa direnak alboratu egin nahi izan gaituzte eta erronka bat izan da guretzat hor mantentzea.

Emakumeen mugimendu zabala dago Nikaraguan, ezta?
Biolentziaren Aurkako Emakumeen Sareak indar handi du Nikaraguan eta 150 emakume taldeen topagunea da. Espazio honetan, batetik estrategia amankomunak lantzen ditugu, indar handiagoa izan dezagun eta kanpainak eraginkorragoak izan daitezen. Bestetik, emakumeei aukera eskaintzen diegu euren eskubideak defenda dezaten eta hauen alde borrokatu dezaten

Zein da Colectiva de Mujeres de Masaya taldearen lana?
Emakumeei formazioa eta tresnak eskaintzea, aurrera egin eta erabakitzeko gaitasuna izan dezaten. Colectivako kideek garapen pertsonal horretan laguntzen diegu. Kontutan izan behar dugu Colectivara etortzen diren emakume askok biolentzia jasan dutela euren etxeetan eta autoestima lur jota dutela. Autolaguntza taldetan bakoitzaren eskubideak zein puntutaraino zapaldu diren aztertzen dugu eta besteen esperientzietatik ikasten dugu. Erabakitzeko boterea bakoitzak duela kontziente izan behar dugu. Emakumeak biolentzi ziklo berdinaren pean geratu ez dadin, bidai honetan laguntzen ditugu. Emakumea etxean bere eskubideak lortzen dituenean, autoestima landu duenean eta bere burua ondo ikusten duenean, espazio publikoetara salto egin dezan laguntzen dugu. Autolaguntza taldeetatik pasa diren emakume askok, egun, gainontzeko emakumeak laguntzen dituzte.

Ze bestelako proiektuak dituzue?
Formazio tailerrak oso garrantzitsuak dira emakume hauen garapen pertsonalerako. Alfabetizazio tailerretatik hasi eta bizitzaren, gizartearen ikuspegi zabalago bat izan dezaten gai desberdinetaz hitz egiten dugu. Mikro kredituak egitasmoa martxan daukagu: ahuntz edo ardi pare bat, edo haziak ematen zaizkie, dirutxo bat lortu dezaten euren kabuz. Masayan biolentzia jasan duten emakumeentzat aterpetxe bat eraikiko da. Hau izan da lorpen handiena eta esfortzu gehien eskatu diguna. Irratian espazio bat dugu informazioa zabaldu ahal izateko ere.

Informazio kanpainak oso garrantzitsuak dira, ezta?
Askotan zaila da emakumeei iristea. Hitzaldiak antolatzen ditugunean, emakume guztiak ez datoz senarrak edo bikoteak uzten ez dietelako. Beraz, estrategiak bilatu behar ditugu emakume hauengana iristeko: bideo emanaldiak antolatzen ditugu eta hor aprobetxatzen dugu eurekin hitz egiteko, autobus geltokietan informazioa banatzen dugu... Euren eskubideetaz hitz egiten diegu eta biolentzia ezagutzen edo jasaten dutenentzako laguntza non jaso dezaketen esaten zaie...

Zein aldaketa eman behar da emakumeen egoera aldatu dadin?
Lehenengo eta behin antolatu egin behar gara, ahal den emakume gehienetara iritsi ahal izateko. Ekimen bateratuak egin, herri-galdeketak lortu, emakumeak formatu espazio publikoak berreskuratzeko, emakumeen aurkako biolentzia ezagutzera eman eta denuntziatu... Lan neketsua da eta prozesu luzea izango da, baina horretan borrokatu behar dugu.

Aldaketa politiko batek gauzak erraztuko lituzke?
Arazoa ez da gobernuan dagoen alderdi politikoa, Nikaraguan daukagun kultura baizik. Honen aurrean denuntzia, laguntza internazionala lortu, protesta masiboak egin arazoa ikusi dadin, emakumeak formatu espazio publikoak berreskuratu ditzaten... Horretan datza emakumeon lana.•