Michelingo Enpresa Batzordearen deiari erantzunez, mila inguru pertsona bildu ziren Okendo plazan enpresak iragarritako berregituratzearen aurka protesta egitera. Enpresa Batzordeko kide eta langileez gain, alderdi politiko, elkarte sozial, kirol zein kulturaletako ordezkariak izan ziren manifestazioan.
Etorkizunaren alde
Batzordeko kideak Gure etorkizunaren alde lelopeko pankartarekin manifestazio buruan jarri ziren eta bideari ekin zioten. Okendo plazatik Kale Nagusira egiterakoan jende gehiago batzen joan zen eta beste pankarta bat ikusi ahal izan zen, enpresako subkontraten langileen aldekoa, hain zuzen ere.
Erritmo mantsoz Ola kalean sartu, Zumaburu kaletik barrena egin eta Kale Nagusira sartu ziren berriro. Tajamar errotondara iritsi, Hipodromo Etorbidera egin, ostean Pablo Mutiozabal kaletik barrena Iñigo de Loiola kalera iritsi eta Geltokitik barrena protesta Okendon amaitzeko.
Manifestazio lasaia eta isila izan zen ordura arte, enpresa batzordeak eskerrak emateko txaloka hasi eta guztiek era berean erantzun zuten arte.
Ekintzaren irakurketa
Manifestaldiaren bukaeran, Jose Luis Alonso ELA sindikatuko Enpresa Batzorde kidearekin hitz egin ahal izan genuen eta pozik agertu zen jendearen erantzunarekin.
Horrez gain, ostitalean herriko alderdi politikoen ordezkariekin bilera ez ofiziala burutu eta eskaera ugari egin zizkietela aipatu zuen. Eskaera guztiak udal batzarrean mozio bezala onartuak izatea espero dutela ere aitortu zuen.•