Buruntzaldeko herriak bide eta bide zidorretatik barrena

Txintxarri 2007ko urriaren 22a

Buruntzaldeako Kirol Zerbitzuek "Buruntzaldeko Ibilbideak" egitasmoa ezagutzera emateko Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna antolatu du, urriaren 28an, igandea.

Buruntzaldeko Ibilbideak" 50 kilometroz osatua dago, Usurbil, Hernani, Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oria lotzen duten bidezidor eta bidez osatua. Arduradunek adierazi dutenez gure herria eta inguruak ezagutzeko balio du egitasmoak: "proiektuari esker, lehiatzeko ez den eta edozein publiko-motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu. Ia 50 km bidezidor eta bide ditugu, landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbiltzeko".
Buruntzaldeako herri bakoitzean ibilbide-zati bakoitzaren inguruko informazioa aurkitu daiteke: "trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, eta bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude; hala, seinale bat bidean ikusten dugunean ibilbidearen zein zatitan gauden jakingo dugu".
Buruntzaldeako Ibilbideen eguna igandean izango da esan bezala, goizeko 9:00etatik 14:00ak bitartean eta edozein herritik abiatu daiteke. Abiatzen den bakoitzari txartel bana emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin, hau da, Santiago Bidea egiten ari zaretela imajina dezakezue.

Kontrol guneak
Herri bakoitzean kontrol gune bat egongo da: Usurbilen, Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean; Hernanin Udaletxe atzean egongo da; Andoainen Urnietan Udaletxe azpian izango da kontrol gunea eta Lasarte-Orian San Pedro elizaren atzealdean.
Ibilbidea amaitzerakoan, jasotako txartelarekin, abiatutako herrira autobusez bueltatu daiteke: Usurbilen Udaletxe aurrean hartu daiteke 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan; Lasarte-Orian Atsobakarren 12:10, 12:50, 13:10; 13:50 eta 14:10, 14:50etan irtengo da; Andoainen Txistokiko Gurutze Gorrian 12:20, 13:20 eta 14:20etan; Urnietan kiosko geltokian 12:30, 13:30 eta 14:30etan eta Hernanitik 12:40, 13:40 eta 14:40etan irtengo da autobusa.•