Udaleko Hirigintza Batzordeak aditzera eman duenez, Goiegiko ibarra urbanizatzeko programa eta proiektua onetsi berri ditu. Erabaki horrekin, tramitazioan aurrerapauso bat ematen da, plan partziala 2008 urtean abian jartzea ekarriko duena.
Behin betikoz onartu duten eta Udal Batzara joango den planaren arabera, 235 etxebizitza eraikiko dituzte 92.000 metro karratu inguruko lur eremuan.
Aipatu etxebizitza kopurutik, 151 babes ofizialekoak izango dira, 14 promozio askekoak, 56 familia bakarrekoak eta gainontzeko 14ak isolatuak izango dira.
Frontoiaren kokalekua aldatzeko proposamena
Urbanizazioari dagokionez, behin behinekoz onetsi du Batzordeak eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte. Zentzu berean, aipatu ibarrean eraikitzekoak diren frontoia lekuz aldatzea proposatu Udalak. Modu horretan, “frontoia erdi alderago kokatuko litzateke eta erabilera egokiagoa” ahalbideratuko luke.
Kirol-gune handiena Institutu ondoko A.20 eremura eramatea ere aurreikusten du egitasmoak.•