“Japoniera ez da hizkuntza zuzena, baina japoniarrak ere horrelakoak dira ”

Nerea Eizagirre 2007ko urriaren 22a

Intsausti tabernan 4 urte lanean egon eta gero, lana utzi eta Japoniara joan zen Iñaki Huegun. Bi hilabetetan japoniera ikasi eta herria hobeto ezagutzeko bira egin du. Orain bueltan da, baina aitortu digunez, dirua aurreztu eta berriro ere Japoniara joateko asmoa du. Horregatik, berarekin solasean aritu gara bidaiaren nondik-norakoak jakiteko.

Zergatik japoniera eta ez beste hizkuntza bat?
Japoniako zinema klasikoa gustuko dut. Akira Kurosawa eta Kenji Mizoguchiren pelikuletan agertzen den Japoniak ikaragarri txunditu ninduen eta kultura hori hobeto ezagutzeko hizkuntza jakin behar nuela erabaki nuen. Ondorioz, duela bi urte hasi nintzen japoniera ikasten. Hizkuntza desberdina eta polita da.

Bitan joan zara Japoniara?
Lehenengo aldian lagun batekin joan nintzen. Honek komiki denda dauka eta manga gustuko zuenez, Japoniara joan nahi zuen herria ezagutzera. Pila gustatu zitzaigun. Gainera, hara joan nintzenean, udan Kioton ikastaro bat zegoela banekien. Japonian egon ostean, lana uztea, hilabete bat hizkuntza ikastera joan eta bestea bidaiatzen igarotzea erabaki nuen.

Non egon zara?
Lehenengo bidaian Hiroshimara joan ginen.
Bigarrenean, berriz, leku gehiago ikusi nituen. Ikastaroa Kioton egin nuen. Hiri oso polita da, Japoniako kulturaren kapitala da eta tenplu asko dago. Shikokun ere egon nintzen, irla honetan Marugame dago Donostiarekin senidetua dagoen hiria eta ikusi nahi nuen. Gainera, lagun batek ikustekoa zela esan zidan, oso menditsua, zuhaitz askorekin eta arroz-soroz betea. Eta azken egunetan Tokion egon nintzen. Ez zitzaidan gustatu eta ez nintzateke berriro joango. Japoniarrek diotenez Tokio ez da Japonia, megahiria da eta jende pila dago, gehiegi nire ustez

Zer gustatu zaizu gehien?
Niri landa mundua ikaragarri gustatu zitzaidan, Shikoku irla batez ere. Paisaia oso polita zen, Euskal Herrikoaren antzeko, baina zuhaitz askorekin. Oihana zirudien! Eta trenean zindoazela, zuhaitz tuneletan sartzen zinen. Ikaragarria zen.

Hizkuntza han nola praktikatu?
Ikastaroan eta beste hainbat lekuetan. Asteburu batzuetan bakarrik ateratzen nintzen, nire kaxa hizkuntza praktikatzeko. Bestetik etxeko amarekin hitz egin nuen, Shikokun ezagutu nuen japoniar batek zinema klasiko zale amorratu batekin hitz egin eta kalean, dendetara, jatetxetara etab. joaten.

Zaila da japoniera ikastea?
Japoniera hizkuntza desberdina da. Oso anbiguoa gauza batzuetarako, baina besteetarako oso zehatza. Sentimenduak aditzera emateko ez da hizkuntza aproposa. Gainera ezin duzu besteak pentsatzen edo egin nahi duena esan. Nire lagun batek hondartzara joan nahi duela esateko nire ustez lagun horrek hondartzara joateko asmoa du esan behar da.
Ez da hizkuntza zuzena, baina japoniarrak ere horrelakoak dira, ez baitizute zerbait zuzenean esango. Esate baterako, kale bat non dagoen galdetu eta ez baldin badakite bere buruari galdetu, denbora batean pentsatu eta ez dakitela erantzungo dute. Dendetan ere berdin gertatzen da. Hiztegi elektroniko bat erosteko arratsalde osoa egin nuen denda batean!

Eta hizkera eta idazkerari dagokionez?
Idazkera oso zaila da, kanjiak edo ideogramak erabiltzen dituzte. Pertsona normal batek 2000 edo jakin behar ditu egunkaria irakurtzeko, baina gai desberdinetarako kanji espezifikoak ere badaude. Han nengoela askotan ez nuen ezer ulertzen eta nire lagun japoniarrak guztia ulertzeak aho zabal uzten ninduen.
Honetaz gain, hizkera ez da zaila. Kanji batzuk bi edo hiru esateko era dute, baina besterik ez da.

Zerk harritu zaitu gehien?
Bero izugarria egiten zuela. Abuztua hilabete beroena izan ohi da eta goizeko 8etan 34 gradu zeuden, esate baterako. Gainera, Japonian hezetasun handia dago. Kioton egun osoa izerditan pasatzen nuen. Lehenengo egunetan japoniarrak eskuoihalak buruan zituztela ikusi eta bitxia iruditu zitzaidan. Baina azkar ulertu nuen zertarako zen, izerdia kentzeko.

Desberdintasun nagusiak?
Jendea eta paisaia oso desberdinak dira. Hegazkinetik jaitsi eta beste mundu bat dela konturatzen zara.
Beste modu batera bizi dira, beste tempo bat daukate. Lan egiterako orduan armonia bilatzen dute. Pazientzia handia dute eta ni oso urduria izanik, batzuetan gaizki pasa nuen.
Gainera, oso protokolo zaleak dira. Ongi etorri eta agurra edo eskerrak ematen dizkizute beti denda batera sartzerakoan, nahiz eta ezer ere ez erosi.
Bere pentsakera ere desberdina da. Dendetan lapurtzea oso erraza dirudi, baina ez dute egiten. Agian harrapatzen bazaituzte zigorra handia ezartzen dizute.
Honetaz gain, jende asko ikusi daiteke kalean lan egiten. Bidegurutze batean, nahiz eta semaforoak egon, pertsona bat dago trafikoa zuzentzen. Eta zebrabideetan bi pertsona daude oinezkoak kontrolatzeko.
Eta jende pila dabil bizikletan, Donostian baino gehiago eta ez dago bide gorririk, ez espaloirik ere kale batzuetan.
Azkenik, bitxia egin zitzaidan kable guztiak eraikinetatik kanpo ikustea, hau lurrikarengatik dela konturatu nintzen.

Eta lurrikararik edo egon al zen zu han zinenean?
Tifoia pairatu nuen Kioton. Aterpetxetik bi minutura zegoen bainu etxera joan nahi nuen, baina euri eta haize erauntsi handiak zeuden. Honetaz gain, Shikokun kostaldeko herri batean ere ekaitza handia bizi izan nuen.

Zein izango da hurrengo hizkuntza?
Frantsesa ikastea gustatuko litzaidake, baina oraingoz nahiko dut japoniarrarekin, ez daukat besterako denborarik. Gainera, nire helburua, klasean esan bezala, noizbait Kawabata idazlearen libururen bat irakurtzea da. Irakasleak posible izan zitekeela esan zidan, baita oso zaila ere; baina ni saiatuko naiz.

Zein da zure asmoa hemen geratzeko edo Japoniara joatekoa?
Oraingoz hemen geratuko naiz, lan egin, dirua aurreztu eta, berriro ere, Japoniara. Urte beteko ikastaroa egin, ikasle bisa lortu, lan baimena eskuratzeko eta bi edo hiru urte geratu, baina auskalo zer gertatzen den.•