Joan den larunbatean ekin zion herritar talde batek Renfe eta Euskotren konpainiatan jarrera intsumisoa agertzeari. Trena erabiltzea, autoa erabiltzea baino egokiagoa dela pentsatzen duenetakoa naiz, horregatik harritu ninduen. Lurretik doan hegazkinaren aurka dagoen herritar taldea da kanpainaren bultzatzailea.
Hementxe dago koxka, Abiadura Handiko trenaren bultzatzaile dira aipatu bi tren konpainiak. AHT-ak suposatzen duen suntsiketarekin kolaboratu nahi ez eta, pasa dira intsumiso jarreratik ekintzara. Aste buru honetan Tolosara eguerdiko 12etan heltzeko bidaia kolektiboa egitera deitu dute, Irundik edo Zumarragatik aterata.
Igandean berriz, XII krosean parte hartuko duten korrikalariak hartuko dute herria. Ostadarrek duen egunik garrantzitsuena, ehunetik gora laguntzaile lanean, babes etxe mordoaren nola-halako presentzia eta Udal zein diputazioaren nahi baino laguntza txikiagoa medio izango da aurten. Urtean zeharreko lana burutzen duen kirol fundazioak herri kirola bultzatzen diharduela erakutsiko du. Ez da txantxa helduen kasuan, urtero ehun korrikalari gehiagok izen ematea eta txikienen partehartzeak urtero gora egitea. Hau Ostadarrek lortu du. Ez egun bateko lanarekin, urtean zeharreko konstantziarekin baizik. Baietz partehartzeak aurten ere gora egin. Korrikalari horietako asko trenean etorriko da. Ba ote dakite AHT-aren alde ari direla bi konpainiak?