Fumigatu arren, labezomorroen izurriteak bere horretan dirau

Txintxarri 2007ko urr. 26a, 02:00

Labezomorro arazoa izan dute uda honetan Iñigo de Loiolako 4 zenbakiko bizilagunek eta amesgaiztoa oraindik ez da bukatu. Nahiz eta fumigatzaileak bere lana egin, berriro ere ugaldu eta etxe barruetan aurkitu dituzte bizilagunek. Irtenbide bakarra daukate, epaitegira jotzea.

Iñigo de Loiola 4 zenbakiko auzotarrak ez dakite zer egin. Udan tximeleta antzeko intsektua hedatu zen euren etxeetan eta orduan gutxik zekiten hauek labezomorro arreak zirela. 4C pisuko bizilagunak bizi diren higiene eza dela eta sortu dela diote bizilagunek eta egoera jasangaitza egin arte itxaron dute salaketa jartzeko. “Udaltzainak etxean sartu eta etxea hirugarren mundutiarra zirudiela esan zuten,” esan digu Susana Huete, etxebizitzako bizilagunak. Hala ere, hau ez da labezomorroak dituzten aurreneko aldia. Iaz udaletxean salaketa jarri behar izan zuten, baina, orduan, labezomorro beltza zen.
Urriaren 4an fumigatzailea joan zen. Etxebizitza guztiak begiratu, batzuetan tranpak jarri eta labezomorroak akabatzeko intsektizida bota zuen. Hala ere, arazoak izan zituzten 4 Cko bizilagunekin, ez baitzuten etxea utzi nahi izan. Orduan Osasun sailera jo zuten, baina honek udalaren zeregina zela esan zien. Eta Udaletxeak eskuak garbitu zituen arazo pribatua eta etxearen jabearen erantzukizuna zela egotziz. Azkenean, 4 Cko biztanleek etxea egun batzuetarako uztea onartu zuten eta fumigatzaileak bere lana egin ahal izan zuen.

Egungo egoera
Orain zain daude, hilaren 31ean fumigatzailea baitator berriro 4C pisuko egoeraren garapena ikusteko. Tamalez, labezomorroak berriro ugaldu eta Lourdes Aldanak esan digunez, etxe barrura sartu zaizkie berriro. “Ezin ditut patioko leihoak ireki eta, hala ere, zirrikituetatik sartzen dira labezomorroak” aipatu digu Lourdesek. Gainera, heldu gabeko labezomorroak ikus ezinak direla esan digute eta edonon aurkitu daitezkeela.
Baina arazoa ez da hau soilik, Susana Huete bizilagunak dionez, “etxeko jabeak ez du fumigatzilearen kostua bere gain hartu nahi eta bide bakarra daukagu, auzibidera jotzea”. Beraz, fumigatzailearen azterketaren arabera, bizilagunek epaitegietara eramango dute salaketa.
Udaletxe eta Osasun sailaren esku garbitzea ere salatzen dute eta epaitegietara joatekotan auzia bukatu artean labezomorroekin zer gertatuko den galdera luzatu nahi diete bi instituzioei.
Honetaz gain, bizilagunek argi utzi nahi izan dute 4Cko bizilagunen aurka ezer pertsonalik ez dutela, eta arazoa etxebizitzako jabearekin dutela. Eta eskaera bakarra egin nahi diote jabeari, etxebizitza egokitu eta garbi mantentzea, alegia.•