Gauza asko ikusi izanagatik, bizitza honetan beti izaten da harritzen gaituen zerbait. Oraingoan onerako izan da eta erabat txundituta geratu naizela aitortu beharra daukat. Hainbestetan kritikatua eta gutxietsia, hitz suabeak erabiltzeagatik, izan den Euskal Herria, gure hizkuntza eta kultura begi onez ikusten dutenak atzerrian ere badirela jakitea pozgarria baita eta harrokeriarik gabe baina harro sentitu arazi nauela zergatik ukatu. Aste bete gure udalerrian egingo duen Cox-Edwards sendia ezagutu dut, David, Rachel, Bronwen eta Bryn. Bertako askok halako jarrera balute...
David aitarekin solasean aritu naiz eta elkarrizketa osoa euskaraz egin dugu. Euskal kultura eta musika ongi ezagutzen duela agerian geratu da; Oskorri, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza, Gozategi, Gorriti, Pirritx eta Porrotx, bertsolaritza eta zerrenda amaigabea.
Hizkuntza, ezinbestekoa
Lehen galdera berehala etorri zait burura; nolatan ekiten dio Kanadan jaio eta bizi den sendi batek euskara ikasteari? Arbasoak euskaldunak ez dituen senar-emazte bati nolatan piztu zaio euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa? Davidek argitu dit zalantza. “Alaba jaio zenean emazteak euskal historiari buruzko liburua erosi zuen eta gure interesa piztu zuen. Argazkietan eta testuetan agertzen zena gure begiz ikusi eta errealitatea ezagutu nahi genuela erabaki genuen. Rachelen aitona galestarra zen eta lehen bidaian, 2002an, Gales eta Euskal Herria bisitatu genituen, Gipuzkoa eta Bizkaia, hain zuzen ere”. Badirudi ikusitakoa gustukoa izan zutela eta “berriro etorriko ginela erabaki genuen baina bi haur txikiekin zailagoa zitzaigun”. 2005 urtean berriro etorri ziren eta geroztik ez dute hutsik egin.
Davidek kontatu digunez, “Euskal Herria historia luzeko herrialdea da, inguruko kulturekin zerikusirik ez duena. Kultura, hizkuntza, paisaiak, etab. oso erakargarriak dira guretzat eta hasieratik oso argi izan dugu hizkuntza berri bat ikasteak munduaren ikuspegia zabaltzen duela. Quebec, Gales, Euskal Herria edo beste edozein kultura minoritarioa ezagutzeko bertako hizkuntza ikastea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta logika horri jarraiki, euskara ikastea erabaki dugu. Hasieran Kanadan liburuak eta Internetez baliatuz”. Zentzu horretan, hiru urte barru maletak egin eta urtebete pasatzera etorriko direla dio, “emaztea eta biok barnetegi batetara joango gara eta seme-alabak ikastolan matrikulatuko ditugu. Egun etxean ikasten dute eta Rachel dute irakasle. Gure helburua euskal kultura barrendik bizitzea da eta horretarako hizkuntza ezinbesteko tresna dela deritzogu”.
Atzerrian Euskal Herria nola ikusten duten ere galdetu diogu. “Orokorrean, Kanadan bi gauza ezagutzen dituzte, hots, Guggengheim museoa eta gatazka, bertako komunikabideak nahiko eskuindarrak dira eta, oso estatu batuarrak, zentzu horretan. Historia, kultura, zapalkuntza, etab. ez dituzte islatzen. Guk, ordea, badakigu gauzak ez direla horrela eta lagunei hori adierazten ahalegintzen gara” esan eta “gu kultura maioritario batetik gatoz eta orokorrean, herrialde txikien problematika ez da ezagutzen. Lagun ezkertiarrak ditugu, sindikalistak baina kultura minoritarioen egoera ez dute arazo modura ikusten, ez dira kontziente. Komunikabideek aditzera ematen dutenaz gain, beste aldea ezagutzea ere garrantzitsua da errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko” gaineratu du.
Bigarren etxea
Hemen aurkitu dutena espero zutena ote zen galdetu diodanean, “honek ez du zerikusirik Kanadarekin. Gu Torontotik gatoz, hiri handia eta Kanadan distantziak sekulakoak dira. Kultura ere oso bestelako da, baita bizimodua, ordutegiak, kaleko bizitza, etab. baina gu oso gustura sentitzen gara hemen eta haurrak ere oso ongi integratu dira” erantzun dit.
Eta nolakoak gara euskaldunak? “Jatorrak. Kultura eta herrialde txikia izanik, hasiera batean nahiko “itxiak” dirudizue; familia, kuadrilla, oso gune itxiak dira kanpotik datorren batentzat. Denborarekin, ordea, jendea eta hizkuntza ezagutu ahala, harremanak hobetzen doaz eta hasierako “itxitasun” hori berotasun, adiskidetasun eta elkartasun bilakatzen da. Lagunak egin ditugu Lasarte-Orian, Donostian, Portugaleten, Gernikan, etab. Orain Ipar Euskal Herria ezagutu nahi dugu. Jada, Euskal Herria gure bigarren etxea da!”.
Hizkuntzaren gaiarekin, ingelesa eta euskara hitz egiteaz gain, gaztelera apur bat ere badaki eta alemaniera eta frantsesa ikasten ari da, “euskarak ez du zerikusirik jatorria latinean duten hizkuntzekin, erabat desberdina da. Ezaugarri horrek ikaste prozesua zailtzen du baina aldi berean erakargarri egiten du. Arazotxo batzuk baditut ongi espresatzeko baina pazientzia handia duzue eta hori lagungarria zaigu”.
Azaroaren 7an itzuliko dira Torontoko etxera eta bitarte horretan Lasarte-Orian ikusiko dituzue. Euren jarrera eta interesarekin, ni behintzat, bereganatu naute.•