Maialen Chourraut, Estatuko piraguista onena

Txintxarri 2007ko urriaren 26a

Zorioneko dago Lasarte-Oriako piraguista. Izan ere, datorren urtean Pekinen jokatuko diren Joko Olinpikoetarako plaza eskuratu ostean, Espainiako Federazioak Estatuko piraguista onenaren saria emango dio azaroaren 3an ospatuko den galan.
Maialenek urteak daramatza Estatuko piraguismoaren elitean eta nazioarte mailan lehiatzen ohitua dago. Aurtengoa, gainera, denboraldi ezin hobea izan da Atletico San Sebastian taldeko lasarteoriatarrarentzat eta Espainiako Federazioak bere erregulartasuna saritu nahi izan du.

Sekulako palmaresa
Aurten, Espainiako hiru titulu irabazi ditu eta seigarren urtez jarraian Espainiako Txapelketa absolutua poltsikoratu du. Balentria horri, junior mailan eskuratutako bi txapelketak erantsi behar zaizkio.
Denboraldia borobiltzeko, iraila amaieran, Joko Olinpikoetarako plaza eskuratu zuen Foz de Iguazun (Brasil) eta datorren urtean Pekinen (Txina) ospatuko diren joko Olinpikoetan ur bizietako slalomean parte hartzeko aukera asko du.•