Eragotzi inposatzeko

Txintxarri 2007ko urr. 26a, 02:00

“Ez eragotzi, ez inposatu”, idatzi zuen Josu Jon Imazek, baina Gipuzkoako herritarron eta zabor errauskailu bat kosta ahala kosta ezarri nahi diguten alderdien arteko gatazka luzean ere ez dirudi EAJko “mitxelin” dimitituaren leloak arrakasta handirik lortu duenik. Izan ere, alderdi horiek kudeatzen dituzten mankomunitateen leloa guztiz kontrakoa da: “Eragotzi inposatzeko”. San Markoseko mankomunitate intsumituak bere zaborra beste edonon botatzea eragozten ari dira errauskailua inposatu nahi diotelako. Gogora dezagun, bide batez, inposatu nahi dioten errauskailua haiek kontrolatzen dituzten udalerrietan nahi ez duten berbera dela.
Lehendabizi, EAJk eta PSOEk San Markosko zabortegia ixtea inposatu dute. Eguna iritsi denean, berriz, haiek berek eragotzi dute itxiera, bertako mankomunitateari ez diotelako zaborra beste edonora eramaten utzi. Zergatik? Errauskailua onartzen ez duelako. Horrela, harri batekin bi txori (edo bi kaio): lehengo arazoari, San Markoseko kiratsari, bigarren bat gehitu diote, zaborra nora eraman ez izatea.
Horrela gauzak, EAJ eta PSOE Beraun eta inguruko herritarrak munizio gisa erabiltzen ari dira errauskailua ametitzen ez dutenen kontra. Herritar horiek, urtetan basamortuan deiadarka aritu direnak, bat-batean lehen mailako manifestari bihurtu dira. “Kasu egin behar zaie”, dioskute serio-serio urtetan inolako kasurik egin ez dieten berberek. San Markoseko mankomunitateko gaur egungo kudeatzaileei xantaia egiten diete EAJk eta PSOEk. “Inposatu nahi dizuegun errauskailua onartu ezean, zuen zaborra beste mankomunitateetan bota dezazuen ez dago elkartasunik”, esaten diete. Xelebrea da, benetan, alderdi horiek “elkartasuna” hitzari ematen diote esanahia: “Ondoko hiru urteetan, gure mankomunitateetan zuen zaborra onartuko dugu, baina ondoren, trukean, Lasarte-Oriak, Zubietak eta Usurbilek errauskailua eta gure zaborra betiko onartu beharko dituzte”. Horrek ez du zerikusirik elkartasunarekin, hori xantaia da. 25 urtez, Txingudiko zaborra onartu du San Markosek, baina hori “txikikeria” bat omen da, orain behintzat inork gogoratu nahi ez duena. Gainera, trilero kaxkarrenak ere bere egingo ez lituzkeen amarruak darabiltzate: “Dagoeneko Donostialdeko zaborren %50 beste mankomunitateetan botatzen ari da”, diote; praktikan, baina, %20ra ere ez da iritsi.
Panorama biribiltzeko hor dugu Donostiako alkatea. “Errauskailua ametitu ezin den inposizioa da”, esan zuen. Orain, berriz, errauskailuzale bihurtu da. Paulo Damaskoko bidean nola, hala erori omen da zalditik Elorza auzi honetan. Itsutu duen argia, berriz, Diputaziotik eta Eusko Jaurlaritzatik iritsi da: alkateak eskuartean duen zenbait proiektu “izar” ez dutela oztopatuko agindu omen diote. Ondorioz, Elorzak errauskailuaren alde bozkatu du; hots, donostiarron %65ren kontra. Izan ere, berak enkargatutako inkesta baten arabera, donostiarron %65 errauskailuaren kontra gaude. Eta hau guztia gertatzen ari den bitartean, gipuzkoarrok jokoz kanpo gaude. Alderdien arteko ika-mikak komunikabideen bidez jarraitu baino ez dugu egiten. Horren erantzuleak, neurri batean behintzat, herri mugimenduak gara, errauskailuaren kontrako estrategia gehienbat politikoen eskuetan utzi dugulako, politiko horiek nahi bezain “alternatiboak” badira ere.
Errauskailuaren kontrako mugimendua askotarikoa eta siglen gainekoa izan da. Sekulako indarra eman dio horrek. Gure ustez, egoera zein den ikusita, indar hori mobilizazioen bidez berriz aktibatu egin behar da. Demokraziarik eza begibistakoa den honetan (horra Donostian, Tolosan, Astigarragan, Batzar Nagusietan eta abarretan legez kanpo utzitako zerrendak), auzi hau konpontzeko ezin dugu hauteskunde-portzentaiei begira egon. Herritarren protagonismo eta mobilizazioa berreskuratu egin behar da, politikoen xantaia eta inposizioaren kontrako txerto eragingarri bakarra delako.
“Kutsatzen duenak ordaintzen du”, esan ohi digute. “Orduan -erantzun behar diegu-, ordaintzen duenak erabaki dezan”. Herritarrok ordaintzen dugu, beraz, zaborrak nola tratatu behar diren erabakitzea herritarroi dagokigu. Eta herritarrok “Errauskailurik ez” behin baino gehiagotan esan dugu, argi bezain ozen.

Juan Mari Beldarrain,
EGUZKIko partaidea