Buruntzaldeako Udalen eta Gipuzkoa Donostia Kutxaren artean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu zuten aurreko ostiralean, Donostiako Kutxako ekitaldi aretoan. Bertan, Xabier Alkorta Kutxako Zuzendari Nagusia, Maria Jesus Aranburu G.F.A.ko Kultura Diputatua eta Astigarra, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil eta Andoaingo alkateak eta udaletako euskara teknikariak bildu ziren hitzarmena sinatzera.
Udaletxeetako ordezkariek azaldu zutenez, "langileen artean eta herritarren artean euskararen erabilera gehitzeko asmoz ahaleginetan ari gara Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) esparruaren barruan" eta Gipuzkoa Donostia Kutxak dituen bulegoak topagune ezin hobeak direla euskara erabiltzeko adierazi dute.
Gipuzkoako Donostia Kutxak, euskararen alde egiten ari den lana azpimarratu nahi izan zuen: "bezeroei kalitatezko zerbitzua eskaintzea dugu helburu, kalitatearen osagai funtsezkoa delarik bezeroak harreman-hizkuntza aukeratu ahal izatea; helburu hori erdieste bidean, lagungarri dela Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka gainditzea, hizkuntza ahulenaren, euskararen, erabilera bultzatuz", honen harira, "Ikuspegi honekin ari dela Gipuzkoako Donostia Kutxa euskararen presentzia ugaltzen, indartzen eta sendotzen, dagozkion esparru guztietan".
Hartutako konpromezuak
Buruntzaldeako Udalek eta Gipuzkoako Donostia Kutxak, orain arteko lankidetza indartu eta sakontzeko helburuarekin hainbat konpromezu hartu eta sinatu dituzte: elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira ahal den guztietan; Kutxak bere bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia ugaltzen ahaleginduko da eta horretarako neurri zehatzak hartuko ditu: langileak gai izan daitezen lan mota guztietan euskaraz jarduteko etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak izango dituzte, langile berriak elebidunak izango dira, bezeroei lehen hitza euskaraz egingo zaie, kutxazainen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu-sorta euskaraz izango da, Kutxak sortzen dituen publizitate slogan eta gisakoak euskaraz sortuko dira itzulpen soil eta kaxkarrak izan ez daitezen, besteak beste.
Hitzarmenaren iraunaldia 5 urtekoa da eta denbora hau igarota beste 5 urtez luzatuko da, beti eta sinatzaileetariko batek bertan behera uztea erabakitzen duen ezean. Jarraipen Batzorde bat jarriko dute martxan hitzarmen hau eraginkorra izan dadin, "aipatutako helburuak lortu eta emaitzak aztertzeko".•