Gure solaskideak azaleratu duen lehenengo ideia "azpikontratentzat lan egiten dugunon kezka eta beldurra" izan da. Ildo beretik, "ez dakigu ezer zehatzik, inork ez digu ezer esaten eta gurekin zer gertatuko den argi eta garbi ez dakigun arren, susma genezake, hots, 200 langile inguru lanposturik gabe geratuko garela".
Egun, 400 inguru dira hamar inguru azpikontratetan dabiltzanak eta "fabrika erdira murriztekoak badira, Michelinek kontratatutako zerbitzuak ere erdira murriztuko dituztela susmatu genezake eta beldur gara".
Azpikontratatuak "bigarren mailako langile sentitzen gara. Plantillako langileekin alderatuz, gu kale gorrira joateko arriskuan gaude, aurre-jubilaziorik, leku aldaketarik edo kalte ordainik gabe".
Aurrera begira, "etorkizuna ilun ikusten dugu eta gure egoera aldarrikatzen jarraituko dugu gurekin ahaztu ez daitezen". Amaitze aldera, "gure egoera ezegonkorra azpikontrata sistemaren ondorio da" esatearekin batera, "eskualdean bizi diren 200 langile kaleratuko dituzte. Zer gertatuko da langile hauekin? Lasarte-Oriako nahiz Usurbilgo Udalei eta Aldundiari hauen alde egiteko eskatu nahi diegu, etorkizunean bertan kokatu daitezkeen enpresetan kontratu ditzaten ahaleginduz, adibidez".•