Garaipena etxean geratu da

Txintxarri Aldizkaria 2007ko urriaren 29a

David Martin, Madelaine Mackie eta Jose Antonio Iglesias, hiru mailetako garaileak

Bazter guztietatik etorritako korrikalariak, 1.200 inguru partehartzaile eta berrehundik gora lasarteoriatar. Errepide bazterrak ikuslez gainezka lasterkarien esfortzua txalotuz. Okendo plaza eta helmuga ingurua jendez gainezka. Irudiak eta argazkiak, nahi adina. Sailkapenak alde batera utzitaeta hitz gutxitan esanda, hori da Lasarte-Oria Bai! kros herrikoiak hamabigarren urtez jarraian utzi diguna.

Irabazleak
Azken bi urtetan podiuma zapaldu duen David Martin lasarteoriatarra gizonezkoetan, Madelaine Mackie eskoziarra emakumezkoetan eta Jose Antonio Iglesias oriotarra elbarrituetan izan dira aurtengo edizioko irabazleak.
Eguraldi ona lagun, urtero moduan giro zoragarria izan zen lasterketak iraun zuen bitartean nahiz ondoren. Aurtengo berrikuntza nagusia txipa izan da eta denborak zehatz-mehatz neurtzeko balio izan du.
Xabier Igoa Aldatz herriko nafarrak bere buruari jarritako erronka bitxia ere izan genuen atzokoan. Lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago ekin zion lanari Okendo plazan. Gogora dezagun, 100 kiloko harriari 100 altxaldi eman eta lasterketa egitea zuela helburu. Iaz lortutakoa errepikatu nahi zuen eta gogotsu hasi zen arren, bete egin zen nafarra eta lanak amaitu gabe lasterketa hasi behar izan zuen. Gorputzari buelta ematea lortu zuela esan daiteke, iaz baino denbora gutxiagoan bete baitzuen lasterketako distantzia.
Irteera eman aurretik, dantzariek agurra eskaini zieten parte hartzaile guztiei eta segidan ziztu bizian atera ziren atletak, elbarriak lehenik eta gainontzekoak ondoren. Lasterketa itxiaz, boskote bat Ostatu Berri tabernako kamisetak soinean zituztela. Ia mende erdia zabalik egin eta atzo azkenekoz ateak ireki zituen tabernari agur esateko aukeratu zuten modua izan zen.
Kros Txikian, urtero legez, haurrak gogo biziz gurasoak albotik animatuz zituztela.
Baina festa eta jai giroa ez ziren lasterkertarekin amaitu. Lagun talde askorentzat ohitura bilakatu den bazkaria egin zutenak asko izan ziren eta iluntze partean oraindik ere kalean somatu genituen. Gaur izango dira komeriak!

Sailkapenak eta argazkiak www.txintxarri.info
helbidean
Epaileek emandako sailkapenak eta helduen lasterketako nahiz kros txikiko argazkiak ikusgai jarri ditugu guztiontzat www.txintarri.info orrian.
Aurtengoa joan da eta atseden egun batzuk hartu ondoren, hurrengoan pentsatzen jartzea tokatzen da.•