Iaz bigarren duela bi urte hirugarren, azkenean iritsi da garaipena.
Horrela da, aurreko urteekin alderatuta aurten hobeto nengoela banekien, 10 kilometroko lasterketetak azkarrago egin baititut.
Herrian, lagunen eta senideen aurrean irabaztea berezia izango da, noski?
Gehiago sufritzen laguntzen dizu, bestela, agian zortzigarren kilometroan lasterketa utziko nukeen. Une txarrak gainditzeko lagungarria da.
Zer moduz joan da
lasterketa?
Bigarren kilometrorako Iñaki eta biok geratu gara lasterketa buruan eta bien arteko lehia izango zela argi geratu da. Nire burua oso ongi ikusi dut. Lehenengo hiru kilometroak erritmo bizian egin ditut, Iñaki oso azkarra delako azken metrotan eta ez nuen lasterketa esprintean jokatu nahi, ez nukeelako zeregink izango. Azken metrotara iritsi aurretik atzean uztea zen nire helburua.
Noiz ikusi duzu garaipena ziurtatuta?
Dana-Ona jatetxearen inguru horretan. Landaberri ikastolaren parean larri ikusi dut Iñaki eta erasoa bota diot, erritmoa bizitu dut eta kilometroa hiru minututan egin dut. Bera atzean geratu da eta ni indartsu nentorren oraindik. Hortik aurrerakoa, egunero egiten dudan ibilbidea da eta buruz ezagutzen dut.
Eta hemendik aurrera?
Behobia-Donostia korrituko dut. Denboraldi osoa lasterketa horri begira prestatu dut eta hamabost egun barru nire onena eman nahi dut. Hortik aurrera, ikusiko dugu baina une honetan buruan dudan lasterketa bakarra Behobia-Donostia da.
Aurrean ikusiko zaitugu?
Postuari baino gehiago markari erreparatuko diot. Nire helburua marka pertsonala hobetzea da. Postuaren kontua ez dago nire esku, etortzen diren korrikalariek baldintzatuko baitute azken sailkapena. Nire asmoa ordu bat eta bost minuturen azpitik amaitzea da baina ikusiko dugu. Ez da erraza izango. Hori eginaz gero, lortutako postuak ez nau arduratzen. Lasterketa horretan denbora da garrantzitusa eta ez postua, niretzat behintzat. Hemen bai, herriko lasterketan garrantzi handia ematen diot postuari.•