Lautik lau

Txintxarri Aldizkaria 2007ko aza. 5a, 01:00

Aurreko larunbatean Espainiako VIII. Sanbo Txapelketa jokatu Donostian. Junior mailako borrokalari onenak lehiatu ziren, LOKEko lau tartean. Ohituak gaituzten moduan, Gorka Aristegiren judokek maila txukuna eman zuten eta lau domina eskuratu zituzten, zilarrezko bat eta brontzezko hiru, modalitate desberdinetara ongi egokitzen direla agerian utziaz.

Lau partehartzaile eta beste horrenbeste domina. Modu horretan laburbildu daiteke Lasarte-Oria Kirol Elkarteko judokek joan den asteburuan Espainiako Sanbo Txapelketan egindako lana.
Julen Sasiain 66 kilo artekoen pisuan lehiatu zen. Lehen borrokaldian Gaztela-Leongo aurkaria erraz menderatu zuen. Bigarren borrokaldian, Euskal federazioko kide batekin neurtu behar izan zituen indarrak. Galdu egin zuen lasarteoriatarrak eta errepeska jokatu behar izan zuen. Bertan, Gaztelako beste aurkari bat zuen zain. Honetan ere gailendu egin zen Julen eta hirugarren sailkatu zen azken sailkapenean. Hortaz, bi garaipen erdietsi eta porrot baten ostean, brontzezko domina jantzi zuen.

Beñat Elizalde, bigarren
74 kilo azpikoen pisuan, bi izan ziren LOKEko ordezkariak. Beñat Elizalde bigarren sailkatu zen eta Joseba Izagirre hirugarren.
Azken honek, madrildar bat izan zuen aurkari txapelketari hasteko. Galdu egin zuen garaipena eskuratzeko aukera guztiak galduaz baina azkenean brontzezko domina janztea lortu zuen.
Pisu berean, Beñat Elizalde hobe aritu zen. Lehen bi borrokaldietan Kantabriako eta Gaztelako aurkariak erraz menderatu ostean, finalerako sailkatu zen. Zoritxarrez, garaipena eskuratzeko azken borrokaldian Julenek ezin izan zion aurreko bietan emandako mailari eutsi eta galdu egin zuen. Halere, azpimarratzekoa da LOKEkoak eskuratutako zilarrezko domina.
Gorka Aristegi entrenatzailearen esanetan, “lehenengo bietan ez du inolako arazorik izan baina finalean ez da ongi aritu eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan du”.
LOKEko laugarren ordezkaria Eneko Aranburu izan zen. 84 kiloko pisuan final erdiak jokatu zituzten zuzenean, lau besterik ez baitziren izan partehartzaileak. Euskal federazioko kide bat izan zuen aurrez aurre Enekok eta ezin izan zuen berarekin. Hortaz, Madrildar batekin partekatu zuen brontzezko saria.
Lau judoken entrenatzaileak adierazi digunez, “lan txukuna egin dute. Lau etorri dira eta laurek domina eskuratu dute. Zentzu horretan, gustura egoteko emaitza lortu dugu baina, egia esan, gehiago espero genuen”.

Taldeka, bosgarren
Baina banakako lehiaketaz gain, taldekakoa ere jokoan zen. Julenek, Josebak, Beñatek eta Enekok batutako puntuei esker, LOKE bosgarren sailkatu zen Donostiako Judo Kluba nagusitu zen azken sailkapenean.
Amaitzeko, federazioka, Euskadi nagusitu zela azpimarratu behar da eta balentria horretan lasarteoriatarrek eskuratutako emaitzek zeresan handia izan zuten.•