Jantziei buruz, gure buruak jantzi

Mailu Arruti 2007ko azaroaren 5a

GURE AITAK AMARI GONA GORRIA EKARRI GONA GORRI GORRIA ZAZPI JOSTUNEK JOSIA

Xelebrea da baina euskaraz, jantzi hitzak bi esan nahi hauek behintzat baditu: Jantzi: soinean jarri. Eta jantzi: gure burua jantzi, osatu, hornitu, ikasi.
Nonbait pertsona bi eratara jantzi daiteke, barrutik eta kanpotik. Egia esan pertsonalki, gero eta inbidia gehiago ematen didate, barrutik ondo jantzitako pertsonek, baina hau beste kontu bat da. Gaur, kanpoko janzkeraz arituko gara.
Bizitzea tokatu zaigun garai hau, irudiaren garaia dela askotan entzun dugu. Gehiago balio du ikusten denak, benetan denak baino. Itxura izugarri zaintzen dugu.
Sarritan kritikatzen ditugu sandaliak eta galtzerdiak, edo txandala eta takoidun zapatak. Baita sarritan aitatu ere, dotorezia berezkoa dela. Ikasten ez den gauza. Edozer jantzita ere, beti txukun eta dotore.
Estiloa, kolore nahasketak, zapatak, poltsa, eta pitxiak esaterako bateratuak joatea, eta nahi adina motatako tribu janzkera: Klasikoak, pijoak, borrokak, punkiak, hippyak, berdin du, baina bakoitzak bere araudiak betetzen ditu.
Nahiz eta denek besteengandik bereiztearren egiten duten, bakoitzak ditu bere idatzi gabeko ohiturak. Gazteek beti uste izan dute muga hausleak direla, eta sentimendu hori gainera, belaunaldiz belaunaldi errepikatu da. Denon onerako. Horrela etortzen baitira aldaketak. Gehienetan uste baino txikiagoak hala ere.
Baina, oraingoan ez gara arituko gaur eguneko janzkerari buruz.Gutxi gora behera, duela mende batekoari buruz baizik. Euskal jantzi tradizionalari buruz.

Baserritar jantzia
“Baserritarrez” janzteko egunak badatozela eta, Santo Tomas, Gabon Eguna, Santa eskeak etab. gai honekin ahalegintxo bat egitea pentsatu dugu Ttakunen.
Guk baino gehixeago dakitenetatik ikasi, eta dakigun apurra besteei erakutsi. Azken aldian, gai honetaz aztertu eta idatzi denaz jabetu. Eta ahal dela praktikan jarri.
Duela mende bateko janzkerei buruz aritzeko, komenigarria litzaiguke denoi ere, garai hartako bizimoduaz pentsatzea. Zituzten lanbide gogorretaz, baliabide eskasetaz, gizon emakumeen arteko harremanaz etab.
Klabe horretan jarriz gero, jantziek pista asko ematen digute zer nolako bizimodua eraman zuten gure arbasoek.
Hala ere, gaur eguneko, irizpide bat edo beste, baliagarriak zaizkigu, janzkera hori hartzen dugun egunetarako. Batez ere, ardura hartzea egun horretan ere, txukun, dotore, eta garaietara ahal bezain fidel janztea.
Askotan ezjakintasunez egiten ditugu konbinazio arraro zenbait eta horri erremedioa jarri nahian, ikasteko prest gaudenontzat prestatu ditugu azaroan zehar zenbait jarduera. Adi egon deialdietara!•