Abiadura Handiko Trenaren aurkako koordinadorak deituta, AHT ez ordaindu ekimeneko bigarren taldekako bidaiak egin zituzten joan den urriaren 27an Euskal Herriko hainbat geltokietan. Lehen bidaian 30 pertsona inguruk hartu bazuten parte, oraingoan hirukoiztu egin da EuskoTren eta RENFEren bidez AHT ordaintzeari uko egin dioten pertsona kopurua. Aurrera begira, eguneroko bidaietan desobedientziara deitu dituzte herritarrak.
Zentzu horretan, “AHTaren aurka dauden herritarrak gero eta gehiago diren arren, gobernuak aurrera eraman nahi du proiektua. Hainbat herritan egindako kontsultek argi eta garbi erakutsi badute ere gehiengo nagusi bat aurka dagoela, gobernuak inposatu egingo duela dio. Jarrera horren aurrean, gure iritzia ekintza bilakatzeko tresna bat da abian jarri dugun desobedientzia kanpaina”.
Banakako desobedientzia
Ildo beretik, arestian aipatu bi garraio enpresetako erabiltzaileek zeresana dutela gogoratu dute. “EuskoTren eta RENFE erabiltzeko ohitura dugunok ordaintzeari uzten badiogu, AHTri ematen dioten babesaren inguruan hausnartu beharko dute”. Halako ekintzak herritarrengan sortu dezaken zalantzaren aurrean, “ekimena aditzera eman asmoz taldekako bidaiak egiten hasi gara, aurrerantzean ere norberak bere kabuz desobedientziarekin jarrai dezan”.
Protesta ekimeneko antolatzaileek emandako datuen arabera, dagoeneko 80 inguru dira gutxienez behin ordaindu gabe bidaiatu dutenak. Horrez gain, kontzientzia eragozpeneko adierazpen orriak banatu dituzte bidaiarien artean aipatu bi enpresei helarazteko.
Amaitze aldera, “tren erabiltzaileak gara, garraio kolektiboa kotxea baino egokiago dela dakigu. AHTa, ordea, ez da trena, lurretik doan hegazkina baizik. AHTaren bultzatzaile diren EuskoTren eta RENFErekin garraiatzen jarraitu nahi dugu baina kontzientzian ezin dugu AHTak suposatzen duen suntsiketarekin kolaboratu” adierazi dute.