Guraso direnek eta 40 urte dituztenek ez dute betirako Gasteizera joan beharko

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 5a

Michelingo Zuzendaritzak jarrera aldatu eta proposamen berria egin dio Enpresa Komiteari. Bi puntu azpimarragarrienak, indemnizazioen areagotzea eta Gasteizera joan beharko duten langile kopuruaren murrizketa dira. Zentzu horretan, guraso direnek eta 2008ko abenduan 40 urte dituztenek ez dute betirako lekualdaketa beharko.
Eskuratu ahal izan ditugun datuen arabera, joan den astean Zuzendaritzak egindako proposamen berriaren arabera 53 langile behin betikoz joan beharko dira Gasteizeko faktoriara eta beste 65 aldi baterako joango dira. Behin betiko joaten diren langileek lan egindako urte bakoitzeko 55 eguneko ordaina jasoko dute. Euren kabuz lantokia uztea erabakitzen dutenentzat indemnizazioak areagotu dituzte. Horrela, lan egindako urte bakoitzeko 60 egun kobratuko dituzte, gehienez ere 1.000 egun ordainduko zaizkielarik.
Enpresa Komiteak ez du inolako baloraziorik egin oraindik baina badirudi begi onez ikusi dutela fitxa mugimendua, nahiz eta lanpostuen galera kritikatzen jarraitu.
Zentzu horretan, kaltetutako langileekin eginiko batzarrean langileen haserrea eta kezka egiaztatu zuten. Bihar bertan Enpresa Komitea elkartzekoa da egoera aztertu eta ostegunean Michelingo Zuzendaritzarekin egitekoak diren bilera prestatzera.